Lehen aldiz jokatuko da Markina-Xemeingo Jai Alai Grand Slama
Gaur [ekainak 7] egin dute aurkezpena harrobian. Txapelketa domekan hasiko da eta uztailaren 16an amaitu
Markina-Xemeingo Uni frontoiak lehen aldiz Jai Alai Grand Slam formatua hartuko du aurten. Gaur herriko harrobian egindako aurkezpen ikusgarrian eman dituzte jakitera xehetasun denak. 2016an Mutrikugaz batera Jai Alai World Tour zirkuitura batu zen Markina-Xemein, baina hurrengo urtetik aurrera bakarrik antolatu zuten. Apustua bikoiztu dute aurten, Masters txapelketatik Jai Alai Grand Slamerako jauzia eginez, hau da, partida kopuru bikoitzaz gozatzeko aukera egongo da. Hori gutxi ez, eta festa eta pilota giroa batuko dituzte Uni frontoian.
Hiru markina-xemeindar ariko dira Jai Alai Grand Slamean: Jon Zabala, Jokin Arbe eta Eñaut Salegi. Harri bitxiz betetako herriko harrobi hori irudikatzeko egin zuten txapelketaren aurkezpen ofiziala harri beltzezko harrobian: «Markina-Xemeingo marmol beltza mundu osoan zehar zabaltzen den moduan zabaldu nahi ditugu herriko pilotariak», esan zuten.
Uni frontoia inork baino hobeto ezagutzen dute herriko hiru pilotariek: «Plaza handia da gurea eta txapelketa oso gogorra izango da, hirurok egon nahi dugu Karmen Eguneko finalean, baina bik bakarrik lortuko dute». Jon Zabala da zirkuituko markina-xemeindar pilotari finko bakarra, eta Gernika-Lumoko Jai Alai Winters Seriesa irabazi zuen Aritz Erkiagagaz errepikatuko du bikote moduan. Ispastertarra arrakastaren eta emaitzen sinonimoa da; orain arteko zirkuituko hiru finaletan sartu da: Gernika-Lumon, Donibane Lohitzunen eta Donostian. Azken txapelketa horretan lagun izan duen Unai Lekerika gernikarra izango du bizkartzain Jokin Arbek. Aurrelariak Mexiko Betway Jai Alaiko hirugarren postua eskuratu zuen duela bi aste, beraz, sasoiko helduko da. A multzoa Jean Olharanek eta Nikolas Etchetok ixten dute, ondo baino hobeto elkar ezagutzen duen Iparraldeko bikoteak.
B multzoan ariko da Eñaut Salegi. Markina-xemeindarrak bere debuta osatuko du profesionaletan Daniatik itzuli ondoren. Iñaki Osa Goikoetxea beteranoa izango du lagun aurreko koadroetan: «Gogotsu nago, aukera hau baliatzeko erantzukizunagaz hainbeste pilotari handiren artean». Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan maila bikaina eskaini eta gero, bikote moduan errepikatuko dute Diego Beaskoetxea gernikarrak eta Imanol Lopezek. Xabi Barandikaren finalerako txartelak ere saria izan du, Julen Del Rio izango du bizkartzain gernikarrak. Hau da, guztira Lea-Artibai eta Busturialdeko eskualdeetako zazpi puntistek parte hartuko dute Grand Slamean.
Festa. Lehen jardunaldia domekan jokatuko dute, matinee funtzioan, hau da, 12:00etatik aurrera. Nor baino nor ariko dira Beaskoetxea-Lopez eta Barandika-Del Rio alde batetik eta Arbe-Lekerika eta Olharan-Etcheto bestetik. Antolatzaileek festa eta pilota giroa sortu nahi dute Uni frontoian: «Azken urteetan zaleek oso ondo erantzun dute, eta orain musika eta speaker-a ere jarriko ditugu». Hurrengo partidak zapatu gauez jokatuko dira, 20:00etan hasita. Ekainaren 12ko A multzoko irabazleek Erkiaga eta Zabala izango dituzte aurkari eta B multzokoek, berriz, Goikoetxea eta Salegi. Beraz, multzokako faseko azken jardunaldian, ekainaren 25ean, Erkiaga eta Zabala lehen partidako galtzaileen aurka arituko dira eta Goikoetxea eta Salegi besteen aurka.
Lehen finalerdian, uztailaren 2an, Elite txapelketako partida jokatuko dute lehendabizi Aaronek eta Ibarluzeak Antxon eta Atain II.aren aurka. Bigarren finalerdia baino lehen, Eliteko Alexek eta Danelek Eñauten eta Manziren aurka neurtuko dituzte indarrak. Bigarren finalaurreko hori eta finala ETB1 bidez jarraituko ahalko dira. Final handia, zelan ez, Markina-Xemeingo Karmen Egunean, uztailaren 16an, jokatuko da, festa giroan bete-betean sartuta.