Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bizikleta martxa antolatu du
Ekainaren 14an sartuko da eskualdera, hain zuzen ere Mutrikura, ondoren Ondarroan egingo zaie ongi etorria, 18:00etan, Alamedan.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak hamahiru egun iraungo duen bizikleta martxa antolatu du, Euskal Herriko eskualde guztiak zeharkatuko dituena, pentsio publiko duinen aldeko borrokagaz jarraitzeko. Martxak hiru lelo nagusi izango ditu, hain zuzen ere borrokaren erdigunean jarriko dituzten hiru aldarriak; 1080 euroko eta gutxieneko pentsioaren aldarrikapena, zerbitzu publikoen defentsa eta zainketa partekatuen lana nabarmentzea. Guzti hori defendatu eta martxaren berri emateko eskualdeko pentsionistak ibilbidearen aurkezpena egin dute, helburu argi bat erdigunean jarriz: “Pentsio publiko eta duinak lortzea”.
Donostian hasi eta bukatuko da, ekainaren 13an abiatu eta ekainaren 25ean bukatuko den hamahiru etapaz osatutako ibilbidea. Hain zuzen ere, ekainaren 14an Azpeititik abiatuko den bigarren etapan ailegatuko da martxa eskualdera. Mutrikura helduko da 17:20 inguruan, hortaz, 18:00etan Ondarroara heltzea aurreikusten dute. Ondarroako Alamedan ongi etorria egingo zaie, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Gaua igaro eta hurrengo egunean 09:00etan aterako dira herritik, Berriatua igaro eta 10:00etan Markina-Xemeinera heltzeko asmoz.
Lau urte baino gehiago igaro dira mobilizazioekin hasi zirenetik, eta pentsioak murrizten zituzten neurri batzuk leheneratzea lortu duten arren, besteak beste, pentsioen balioa handitzeko 0,25a. Beste lorpen batzuk lortzeko dituzte oraindik, tartean, Pentsio Sistema Publikorako bermeak behin betiko finkatzea, gutxieneko pentsioak Europako Gutun Sozialaren nahikotasun-irizpideekin bat etortzea eta pentsioak KPI errealarekin birbaloritzatzea. Hortaz, bidea dute aurretik, baina eskualdeko bozeramaileek jakinarazi dutenez, “ez dira geldituko”. “52 hilabeteko borrokak erakusten digu gure aldarrikapenak lortzeko bermerik onena mobilizazioa dela” gaineratu dute. Hortaz, herritarrei deia luzatu nahi izan diete, Bizikleta Martxa igarotzen den herrietan modu aktiboan parte har dezaten egiten diren ekitaldietan.
Aurrekariak
2022ko maiatzaren 12an, EAEko Pentsiodun Mugimendua Eusko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu ziren, 1200 pentsiodunen partaidetzarekin, alderdi politiko guztiei hamalau ordainsaritan 1080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko. Oraingoan, Bizikleta Martxagaz, Gasteizko eta Iruñeako Gobernuei zuzentzen dira, hain zuzen ere 2023ko aurrekontuetan 1080ko osagarria sartzeko, Estatuko Gobernuak gutxieneko pentsioa erabaki bitartean.
Pentsiodunen borrokak egungo langileei ere zuzenean eragiten die, erretiroaren ondoren bizi baldintza duinak lortzea, “guztioi dagokigun eskubide unibertsala delako”. Hortaz, langile, gizon, emakumea eta gazteei dei egiten diete, etapa ezberdinetan egongo diren ekitaldietan parte hartzeaz gain, etaparen amaieran egingo den elkarretaratzean parte hartzera, ekainaren 25ean, Donostiako Alderdi Ederren 12:00etan.