Duatloia eta Triatloi herrikoia antolatu ditu Koaxik
Ondarroako Koaxi Triatloi Taldeak uztailaren 9an jarri du hitzordua Triatloi herrikoia eta haurren Duatloia aurrera eramateko.
Urteak igaro dira azken herrikoia burutu zenetik, eta gogotsu iragarri dute berria sareen bitartez. Uztailaren 9an, zapatuan eramango dira aurrera bi ekimenak, bata goizez, eta bestea, arratsaldez.
Haurren Duatloia 10:30ean burutuko da Arrigorri hondartzan, eta izena ematea, ordu bete lehenago izango da, lekuan bertan. Triatloi herrikoiari dagokionez, 16:00etan emango diote hasiera. Izen ematea, kasu honetan ere, ordubete lehenago egingo da, Itsasaurren. Kasu bietan, doakoa izango da.
Ibilbideari dagokionez, antolatzaileek zehaztu dituzte osatu beharreko ibilbideari buruzko xehetasunak. Triatloiak hiru kirol modalitate uztartzen dituelarik, igeriketagaz emango diote hasiera. 500 metroko ibilbidea osatu beharko dute, Zubi Zaharretik abiatuko dira, Kalatraba zubiko eskaileretara arte. Bertatik, bizikletaren zatiari emango diote hasiera. Itsasaurretik abiatuko dira, eta 17 kilometroko ibilbidea osatuko dute, kostako bidea hartuaz, Mendexako bidegurutzeraino joan eta bueltatu egingo dira abiapuntura. Ondoren, azkenengo txanpari aurre egin beharko diete, 5 kilometroko korrikaldiagaz hasiko dira Itsasaurren eta Kamiñazpiko parkera joan etorria osatzeko.