Musika artean datoz Oletako Jaiak
Amorotoko Oletako auzotarrak zapatuan murgilduko dira Pazko jaietan. Beti-betiko osagaiak nahastuta, eskaintza zabalagaz datoz hiru eguneko ospakizunak. Eskualdekoak eta inguruetakoak jaiez gozatzera gonbidatu dituzte.
Bi urteko geldialdiaren ostean indartsu datoz Oleta auzoko jaiak, antolatzaileek aipatu dutenez “aurten jaiak antolatzeko aukera egongo zela ikusi genuen momentuan, motorrak martxan jarri genituen”, martxoan hasi ziren antolatzaileek batzen eta abiapuntua “lehengo planteamendu berdinera bueltatzea izan zen helburua”. 15-20 lagun dira Oletako Jai Batzordea osatzen duten kideak, baina aipatu dutenez “laguntza behar denean muntaiak egiteko edo beste gauza batzuetarako jende gehiago batzen da”, eta nabarmendu dutenez Amorotoko gazteen laguntza bereziki eskertzen dute. Hiru
Egitarau oparoagaz osatu dute 2022ko auzoko jaiak, eta aipatu dutenez hiru izan dira aldaketa nagusienak “aurten inoizko kontzertu gehien daude, herri kirolak kendu ditugu, eta asteleheneko egitarauari buelta bat eman zaio, tartean, strepteasea kendu dugu eta gaua luzatzeko aukera eskainiko dugu”. Aipatu bezala, aurtengo egitarauak ohi baino kontzertu gehiago izango dituztela, tartean, Silita, Oxabi eta Luhartz.
Zapatuan tortilla txapelketagaz emango diote hasiera jaiei, lagunartean batzeko bide erabili ohi duten ekimena, tortilla prestatzeaz gain jan edanaz gozatzeko. Une hori girotseaz arduratuko dena izango da, hain zuzen ere, einGO taldea. Euskal Herrian sustraitutako kantutegia eskaintzen du taldeak, eta jendearen inplikazioa bilatzea da taldearen ikur, berezitasun egokia Oletako jaiei hasiera gozoa emateko jendeartean. Bestalde, astelehenean, orain arte erromeriagaz bukatzen zuten gaua, baina aurten, horren ordez, DJ Bullekin luzatuko dute asteleheneko jaia, gazteei ere bide emanez.
Berrikuntzez gain, beste mota bateko aldaketak ere badaude. Ohitura bilakatu zen domekako herri kirolen hitzordua, bertan behera geratu da aurten. Antolatzaileek aipatu dutenez “desadostasunak sortzen dituen gaia da, baina aurten erabaki hori hartu dugu, eta ekintza horien ikusle izan ohi direnei beste eskaintza batzuk proposatuko dizkiegu”. Herri kirolek aurrekontuaren diru kopuru esanguratsua bereganatzen zuten, kanpotik ekartzen baitzuten jendea, eta gero ez zuten ikuslerik bereganatzen. “Azken urteetan egon den bezala, inguruko herriko taldeak egonez gero, jende asko hurbiltzen zen ikustera, adibidez Amorotoko gizon proba taldeak ikusleak ekartzen zituen”, baina horrela izan ezean, ingurukoen interesa apaldu egiten zen, eta ikusle kopuruan islatzen zen.
Hortaz, domekako egunean, ohiturei eutsiz, urtean behin Oletako zelaian ospatzen den mezatan batuko dira auzotarrak eguerdian. Eta jarraian, Arta Nagusi dantza taldeak erakustaldia eskainiko du. Gainera, Naiara eta Izarra trikitilarien soinuegaz gozatzeko aukera ere egongo da. Arratsaldean, berriz, “herri kirolen ohiko ikusle izaten direnei beste proposamen bat luzatzeko asmoz”, berrikuntza batekin girotuko dute auzoa, hain zuzen ere, Mexico Internacional izenpean, mariatxiak egongo dira. “Froga bat da, beste barik, ea auzotarren gustukoa suertatzen den eta domekari beste giro bat ematen diogun”.
Astelehena egun indartsua izango dela diote, urtero legez, umeen jolasak mantenduko dituzte arratsaldean, eta Bat, bi, hiru festak! izango da astelehen arratsaldea girotzeaz arduratuko dena. Ondoren, gauera begira ohiko errezeta aldatu dute, eta orain gazteei eguna luzatzeko aukera eskaini diote. Jada auzoa ondo ezagutzen duten Luhartz talde bizkaitarraren erromeria izango da oholtzara igoko dena, jaien azken egunari agurra emateko. Ondoren, strepteaseren unea izaten zen, baina bertan behera utzi dute ekimena. Hortaz, ordu txikiez gozatu nahi dutenei ere aukerak eskaintzeko asmoz, DJ Bull izango da gaua luzatzeaz eta bertan daudenek musikagaz goza dezaten helburu izango duena.
Autobusa. Lea-Artibai eskualdeko eta inguruko herritarrentzat ere hitzordu berezia izaten dira Oleta auzoko Pazko jaiak. Eta aurten ere, nahi duenak autorik hartu barik bertara joateko aukera edukiko du, Gababusari zein Oletako Jai Batzordeak Lekeitiotik zuzenean jartzen duen autobus zerbitzuari esker.
Oletako Jai Batzordeak Lekeitiotik autobusa jarri du zapatu, domeka eta astelehenean, 22:00etatik 06:00etara egongo dena. Eta antolatzaileek aipatu dutenez, kartelean eskolapetik ateratzen direla aipatu duten arren, aldaketa bat egon da, eta autobusak egongo dira, baina Bizkaibus geltokitik.
Bestalde, Lea-Artibaiko Gababusak Oletarako joaneko eta itzuliko zerbitzua eskainiko du zapatu gauean. Heldu etxera lagunartean eta seguru! lelopean, herri bakoitzetik irteera ordu bat egongo da; itzuliko bidaiak, ostera, 03:15ean eta 05:15ean izango dira. Horrez gain, Gababusaren barruan neurri jakin batzuk jarraitu beharko dira:batetik, autobusera ezin izango da janaririk edo edaririk sartu; bestetik, bidaiariek ordutegi bakoitzari dagokion tiketa eroan beharko dute aldean.
Egitaraua
Ekainak 11, zapatua
- 20:00. Tortilla txapelketa + einGO taldea.
- Silitia+Oxabi
Ekainak 12, domeka
- 12:00. Meza, Oletako zelaian.
- Arta-Nagusi dantza taldearen saioa. Naiara eta Izarra trikitilariak.
- 19:00 Mexico internecional mariatxiak.
Ekainak 13, astelehena
- 17:30. Puzgarriak eta umeen jolasak. Bat, bi, hiru festak!-ek girotuta.
- 22:00. Luhartz + DJ Bull.