Garbitzaileen sektoreak borrokan jarraitzen du
Ondarroako garbitzaileen sektoreko Eulen enpresako langileak, Artibai Egoitza aurrean bildu dira bi egunez jarraian.
Garbiketaren sektoreko Bizkaiko hitzarmenaren negoziazioak medio sei greba egun antolatu zituzten, eta greba egun horien ostean, ekainaren 6an hitzordua ezarri zuten patronalarekin negoziazio bilera burutzeko. Sindikatuek argi utzi zuten negoziatzeko borondaterik erakutsi ezean greba egun gehiago deituko zituztela, eta halaxe gertatu da.
Ekainaren 6ko bileraren ondoren, negoziazio mahaiak puntu berdinean jarraitzen du. ELA sindikatutik adierazi dutenez “patronalaren proposamen bakarrak gaur egun langileek dugun soldatetan atzera egitea dakar”. Patronalak lau urtetan soldatak hobetzeko proposamena jarri zuen mahai gainean, urteko %2 inguruko igoera ekarriko lukeena; 2021eko eta 2022ko KPIak kontuan hartuta, langileek %11ko erosahalmenaren galerarekin amaituko lukeen hitzarmenaren indarraldia.
Gainera, hitzarmenaren beste funtsezko aldarrikapenetan ere ez dago aurrerapenik, hala nola, lanaldi partzialak blindatzea eta bakanteak arautzea. “Bakanteak arautzen ez dituen EAEko hitzarmen bakarra Bizkaiko garbikuntzako hitzarmena da”. Hortaz, egoera ikusita ELA eta LAB sindikatuek lau greba egun deitu dituzte, horietatik bi jada burutu dira, hain zuzen ere, ekainaren 9an eta, gaur, ekainaren 10ean.
Ondarroako Eulen enpresako garbiketa sektoreko langileak Artibai Egoitzaren aurrean bildu dira, beste behin ere greba egunekaz bat egitea erabakita. Hasieratik aipatu zuten baldintza duinak lortu arte ez zirela geldituko, eta bidean jarraituko dutela. Hortaz, helburuak lortzeko bidean, ekainaren 20an eta 21ean deitutako greba egunekin ere bat egingo dutela aurreratu dute.