Pedalkada solidarioak emango ditu Ander Txakartegi berriatuarrak Pirinioen kostatik kostara
Transpyr lasterketan parte hartuko du oraingoan Helmugak proiektuko sortzaile eta sustatzaileak. Elkartasuna helburu, seigarren erronka handia gauzatuko du.
Marokoko Titan Desert, Mongolia Bike Challenge, Canada BC Bike Raice, Titan Series Saudi Arabia eta Titan Series Almeriaren atzetik seigarren erronka handiari kolpeko dio asteburuan Ander Txakartegi Basterretxea berriatuarrak: Donibane Lohizune eta Herrialde Katalanetako Roses herria lotzen dituen Transpyr lasterketari. Proba ezberdina, baina azken urteetako helburu solidario bera edukiko du, oraingoan ere, Helmugak proiektuko kideak: Aspanovas elkarteari lagundu eta egiten duten lanari ikusgarritasuna ematea.
Txakartegik, oraingoan, bakarrik egingo dio aurre abentura berri horri. Helmugak-en aurreko erronka batzuetan bidelagun izan duen Oier Aurrekoetxea bermeotarragaz abiatzekoa zen berriatuarra, baina Aurrekoetxeak, azkenean ezin izango dio lagundu.
Etzi hasi eta ekainaren 18ra arte luzatuko da Transpyr. Lasterketa gogorra da; zazpi etapa dira Pirinioetako kosta batetik bestera, 750 kilometro eta 15.000 metroko desnibela dauka. Hala ere, gogotsu dago Txakartegi. Duela bi urte izena eman zuen parte hartzeko, eta pandemia eta oposaketak tarteko, orain arte ezin izan du bere asmoa bete.
Zortzi eta hamar ordu artean egingo ditu bizikleta gainean, eta gakoa janaria zaindu eta zauririk ez egitea izango dela azpimarratu du. «Momentu onak eta txarrak biziko ditut, baina esperientzia badaukat horrelako probetan, eta nire burua ezagutzen dut. Beraz, lasai noa».
Etapatik etapara ez da bakarrik egongo. Ama eta haren lagun bat edukiko ditu ondoan. Autokarabana eramango dute, eta bertan hartuko du atseden. «Bi urte nago zain lasterketa hau egin ahal izateko. Bakarrik egitearen xarma ere nahi dut probatu, baina helmugan ama eta bere laguna izango ditut zain. Ilusioa egiten dit amak zertan ibiltzen naizen ikustea. Nire proiektuaren parte bat amak ere bizi izatea nahi dut», azaldu du.
#Agertxopirata. 2015az geroztik ari da Txakartegi kirola eta elkartasuna uztartzen dituzten egitasmoak aurrera eramaten. Urte horretan egin zuen Titan Desert, 2017an, berriz, Mongolia Bike Challenge, 2018an, Canada BC Bike Raice, 2020an, Titan Series Saudi Arabia eta 2021ean, Titan Series Almeria. Tartean beste erronka txikiago batzuk ere osatu ditu. «VolCAT egin dut bi bider, Colina Triste ere bai, eta horrela etapaka, beste mordo bat. Nire helburua izaten da horrelako lasterketa batera joan eta momentu horretan aurrera daramadan elkartasun proiektua ezagutzera ematea».
Helburuak proiektuaren hasieran proba burutzen zueneko lekuari lotutako egitasmo solidarioa eramaten zuen aurrera. Baina elkartasuna etxean ere beharrezkoa da zenbaitetan. Eta, horrela, azken urteetan, #Agertxopirata proiektu solidarioagaz konprometituta dago. «Transpyr lasterketa honen ideiagaz sortu nuen #Agertxopirata proiektua orain dela urte bi. ‘Transpyr egitera banoa eta lasterketa hau hemen bada, laguntza hemen emango dut’, pentsatu nuen, eta horrela gogoratu nintzen Agerregaz. Nahiz eta gero Saudi Arabian amaitu, lasterketa honen lekuagatik eman nion hasiera #Agertxopiratari».
Ekarpenak, beharrezkoak. Urtero kirol proba handi bat eta proiektu solidario bat gauzatzea ditu helburu kirolari eta abenturazale berriatuarrak. Horrela Transpyren ostean etorriko da uztailaren hasieran #Agertxopirata erronka eta jaialdia. Proiektu solidario horregaz hasi zen Txakartegi minbizia duten haur eta nerabeen familien Aspanovas elkarteari laguntzen, eta horren alde ekarpenak egiteko epea zabalik dagoela gogorarazi du. «Dagoeneko Internetez diru ekarpenak egiteko aukera zabalik dago. Ekarpenak egiteko Kukumikuren webgunean sartu behar da, Agertxo Pirata 2022 izena daukan proiektuan».
Laguntza beti da beharrezkoa Aspanovas bezalako proiektu baterako, eta proiektuari oihartzuna ematen saiatuko da Txakartegi Transpyren. «Horrelako lasterketek balio dute proiektua ikustarazteko. Proiektuaren berri izaten du jendeak, eta ekarpena egitera animatzea nahiko nuke. Bilketari bultzada ematen saiatuko naiz».