Rock and roll giroz zipristintzen hasi da Markina-Xemein
Atzo [ekainak 9] eman zitzaion hasiera Topabeer artisau garagardo azoka eta Markina Shots jaialdiko egitarauari. Xabi Garre Señor No punk rock talde donostiarraren liderra eta bere taldekideak izan dira lehenengoak.
Rock & roll doinuz betetzen hasi ziren atzo [ekainak 9] Markina-Xemeingo kaleak. Ez-Tarrak taldeagaz eman zitzaion hasiera arratsaldean Topabeer eta Markina Shots jaialdiari, eta datozen egunetan espero dezakeguna sumatu ahal izan zuten entzuleek: giro dibertigarria eta, batez ere, rock and roll-ik onena.
Dibertimenduz eta erritmoz beteriko jaialdia izan ohi da Topabeer eta Markina Shots biltzen dituena, eta momentuz horrela hasi da. Xabi Garre Señor No punk rock talde donostiarraren liderrak eta bere taldekideek eman zioten hasiera aurtengo jaialdiari, eta lehen momentutik entzuleak bereganatu zituzten, euren sinpatiagaz eta erritmo biziko abestiekin.
Iaz bezala, Babel aurreko plazatxotik hasi zen kontzertu ibiltaria, eta Goiko Portalean aritu ondoren, alde zaharrerantzako bidea hartu zuen. Taldeagaz batera egin zuten ibilbidea rockzale batzuek, baina kontzertua batetik bestera eramateak beste askok ere rock & rollagaz gozatu ahal izatea ahalbidetu zuen.
Bi egun gehiago. Jaialdia hasi besterik ez da egin. Rock onenaren erritmoan bibratuko du Markina-Xemeinek gaur [ekainak 10] eta bihar [ekainak 11] ere. Lehen konpasen ondoren, II. Markina-Xemeingo Rock&Roll kontzertu lehiaketako finala lehiatuko da gaur 21:30ean, eta XVII. Markina Shots Jaialdia ospatuko da bihar 20:00etan.
Baina, jaialdia hori baino askoz gehiago da. Eta, horrela, elektrotuna, swing musika eta dantza, artisau garagardo azoka eta baita lasterketa bat ere izango dituzte aukeran ekitaldiagaz gozatu nahi dutenek. HEMEN EGITARAUA.