Rock&rollak giro ezin hobea ekarri du Markina-Xemeingo kaleetara
Kontzertu onak eta giro bikaina izan dira nagusi azken hiru egunetan Markina-Xemeinen. Harrera ona izan du Topebeer-ek.
17. Markina Shots jaialdiko rock and roll kontzertuekin amaitu zen atzo [ekainak 11] Topabeer eta Markina Shots uztartzen dituen jaia. Eguerdian swing musikaz gozatzeko aukera egon zen, eta, arratsaldean, rock&roll doinuz bete zen Markina-Xemeingo Kontzekupea.
19:00etarako iragarrita zegoen Korribeer lasterketa bertan behera geratu zen. Antolatzaileek espero baino korrikalari gutxiagok eman zuten izena; guztira, hiruk. Hori dela eta ez egitea erabaki zuten antolatzaileek. Hala ere, parte hartzeko prest agertu zirenei garagardoak eta kamiseta eman zizkieten opari.
Iazko parte hartzaileek azaldu zutenez, dirudiena baino proba gogorragoa da. Okerra kaletik Goiko Portalera eta Zelaiaren bueltan osatu beharreko ia 600 metroko ibilbideari hiru buelta eman behar diete parte hartzaileek. Gainera, itzuli bakoitza hasi aurretik, kaña bat edan behar dute. Iaz, bigarren kaña ere kostata edan zuten batzuek, eta bat edo beste erretiratu egin zen. Horren aurrean, datorren urtera begira, lasterketa beste modu batera antolatzea pentsatzen hasi dira antolakuntzakoak.
20:00ak aldera hasi zen Topabeer jaialdiari amaiera ema zion XVII. Markina Shots jaialdia. Hiru talde handi atera ziren agertokira: Elortegi Anayak (Bakio), The Sick Boys (Herrialde Katalanak) eta Los DelTonos (Kantabria). Maila handiko jaialdia izan zen atzokoa; antolatzaileek azpimarratu dutenez, Los DelTonosek eman zuen kontzertua Markina Shotsen 17 jaialdietan egon den onenetakoa izan da.
Barikuan modura, txosna bat egon da kontzekupean, kontzertuen ondoan. Bertan, artisau garagardoak dastatzeko aukera egon zen, Garai eta Saltus garagardoegileenak, hain zuzen ere.
[ikusi ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Gogoberotasuna. Rock&rolla izan da azken egunetan Markina-Xemeingo protagonista. Eguenetik [ekainak 9] hasita ez da girorik falta izan udalerrian. Eguenean, Ez-tarrak taldea izan bazen herria musikaz girotzeko arduraduna, atzo [ekainak 10] Orkresta elektrotunak hartu zion txanda.
Babel pareko plazatxotik hasita herriko alde zahar osoan zehar zabaldu zuen musika eta dantza giroa Orkresta txaranga elektriko ibiltariak. Mozorroz jantzita, beraien kaxa, bonbo, saxo, tronpeta, gitarrez zein mikroez armaturik konkistatu zituzten gazte, heldu eta baita umeak ere. Eskorbuto, Kortatu, Baldin bada edo Hertzainaken doinuekin mugiarazi zituzten markina-xemeindarrak. Txikienentzako ere egon zen aukeratik Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen kantu bategaz.
Aurreikusitakoa baino berandutxoago hasi zen martxan txaranga elektriko ibiltaria, eta amaitu ere hala egin zen. Beste bat eta beste bat besterik ez zuten eskatzen taldearen atzetik ibilbidea osatu zuten musikazaleek.
Lehiaketa. Kontzertu ibiltaria amaitutakoan igo ziren Kontzekupeko oholtzara I. Markina-Xemeingo Rock&Roll kontzertu lehiaketako finalistak: Stupid Fuckin People eta Rumbling Lips. Azken horiek izan dira irabazleak. Sekulako kontzertua eskaini zuten, paregabekoa. Markina Shotseko antolatzaileek adierazi dutenez, “epaimahaia zur eta lur geratu da”.
Hiru egun izan dira guztira, etengabeko erritmoan, eta antolakuntzan hamabi bat laguneko taldea. Nekatuta, baina “pozik” amaitu dute aurtengo jaialdia. Izan ere, jendearen erantzuna ezin hobea izan da.