Belaunaldi arteko giroan ospatu zuten Dantza Eguna
Zapatuan ospatu zuten Gure Ametsa dantza taldeak antolatutako Dantza Eguna. Aurten errezeta berri bat probatu dute, Umeen Euskal Jaia eta Erromeri Eguna bat egin, eta dantza egun bakar batean bateratu dituzte belaunaldi ezberdinetako dantzariak.
Goizean sei urtetik gorako 60 dantzarik parte hartu zuten kalejiran. Gainera, antolatzaileek aipatu dutenez “ohi baiko kalejira luzeagoa egin dugu aurten, Zaharren Egoitzaraino heldu ginen, eta bertan bi dantza eskaini genien egoiliarrei”. Bisita oso gustura hartu zuten ikusleek, eta eguraldia lagun ez zuten arren, giroa gozatzeko bide egokia izan zen. Ondoren, Txurruka Plazan Alardea dantzatu zuten, eta asko izan ziren ikustera hurbildu ziren herritarrak, “giro polita izan genuen”
Arratsaldean, erromeriaren txanda zen, eta eguraldia mehatxua izan bazen ere, dantzak bukatu ostean heldu zen zaparrada. Baina ordurako ondo aprobetxatuta geratu zen denbora. Belaunaldi ezberdinetako dantzariak elkartu ziren, musikagaz hasi eta gorputzak mugitzen hasi zirenean, adin tarteak albo batera utzi eta guztiek bat egin zuten, “aberasgarria izan zen, ume eta nagusi, denok elkarrekin dantzan aritzea”.
Hortaz, aurten lehenengo aldiz egindako froga honen balorazioa “oso positiboa” izan dela aitortu dute antolatzaileek.