Hirugarren postua lehiatu zuen Mutriku Sokatirak
Zapatuan lehiatu zen Erandion lur gaineko 2022ko Euskadiko Sokatira Txapelketako 640 kiloko azken jardunaldia, eta hirugarren postua lehiatu behar izan zuen Mutriku Sokatira Taldeak, eta etsipenez, laugarren postua eskuratu zuen.
Hiru jardunaldiz osatutako 640 kiloko Lur gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketaren azkenengo jardunaldia zegoen jokoan. Txapelketa burutu duten sei taldeak lehiatzeko prest zeuden zelaian, eta tirabiren ostean, Gaztedi A izendatu zen garaile, 6 puntu etxeratu zituen. Sei puntu horiek lortuaz, sailkapen orokorreko lehenengo postua baieztatu eta txapelketako garaile izendatu zen.
Bigarren postuan, Goiherri taldeak eskuratu zituen 5 puntuak. Txapelketa guztian zehar bezala, hirugarren postua izan zen lehiatuena, izan ere Mutriku Sokatira Taldea eta Gaztedi B izan dira txapelketako lehiaren erdigune. Hain zuzen ere, mutrikuarrek eta Gaztedi B taldeak lehiatu zituzten 4 puntuak eskuratzeko tira bira, eta oraingoan, Gaztedi B taldeak eskuratu zituen 4 puntuak, eta Mutriku Sokatirak 3 punturekin. Akelarre taldeak bi puntu eskuratu zituen, eta Gaztedi C taldeak puntu bakarra eraman zuen.
Sailkapen orokorra
Azken jardunaldia lehiatuta, sailkapen orokorrean Gaztedi A taldea, 18 puntu lortuaz izendatu zen 640 kiloko txapelketako garaile. Bigarren postuan, Goiherri taldea 15 puntugaz. Hirugarren postua erdigunean zegoen berriz ere, hain zuzen ere 10,5 puntuko berdinketagaz Gaztedi B taldea eta Mutriku Sokatira zeuden. Hortaz, berdinketa hausteko lehia jokatu behar izan zuten, eta etsipenez, txapelketa osoa lehiari eusten aritu ostean, Gaztedi B taldeak aurrea hartu ,eta laugarren postuan geratu ziren mutrikuarrak. Akelarre taldea 6 puntugaz, eta azken postuan, berriz, Gaztedi C taldea, 3 puntugaz.