Pentsiodunen Bizikleta Martxa abian da
Bihar [ekainak 14] ailegatuko da eskualdera Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren bizikleta martxa, eta 17:30etan egingo zaie ongi etorri ekitaldia, Ondarroako Alamedan.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak antolatutako hamahiru eguneko bizikleta martxa abian da jada. Gaur [ekainak 13] eman diote hasiera Donostiatik abiatu eta Euskal Herriko eskualde guztiak zeharkatuko dituen ibilbideari, hain zuzen ere, pentsio publiko duinen aldeko borrokagaz jarraitzeko. Martxak hiru lelo nagusi izango ditu, izan ere, hiru aldarri jarriko dituzte borrokaren erdigunean: 1080 euroko eta gutxieneko pentsioaren aldarrikapena, zerbitzu publikoen defentsa eta zainketa partekatuen lana nabarmentzea.
Bihar [ekainak 14], bigarren etapagaz hasiko dira Azpeitian, eta arratsaldean Mutrikura ailegatuko da, handik, Ondarroarako bidea hartzeko. Alamedan ongi etorri ekitaldia egingo diete martxako kideei. Horretarako egitaraua antolatu dute eskualdeko pentsionista taldekoek, helburu nagusitzat martxari oiartzuna ematea eta parte hartzaileei indarrak ematea izanik.
Txirrindulariak irrintzi artean hartuko dituzte ailegatuaz batera, eta opari banaketagaz esku zabalik hartuko dituzte. Ondoren, txistularien laguntzagaz dantza emanaldia eskainiko diote. Harrera eginda, dokumentu nazionalaren irakurketari bide emango diote, eta guztiek batera abestuz amaituko dute borrokaren aldarrikapena. Ekimenari amaiera biribila emateko, trikitiaren doinu artean agurtuko dira.
Hurrengo egunean [ekainak 14], hirugarren etapari ekingo diote, Ondarroa-Amorebieta artekoa. 09:00etan emango diote hasiera egunari, bizikleta gainean jarri eta herria igaroaz, Markinarako bideari ekingo diote.
Busturialdea
Ekainaren 16an Zornotzatik abiatuko den laugarren etapan ailegatuko da martxa busturialdera. 10:00ak inguruan ailegatuko dira Gernika-Lumora, eta harrera egingo diete udalerriko sarrerako biribilgunean. Handik, Lurgorri, Mestikabaso, Fray Martin de Murua eta Karmelo Etxegarai zeharkatuko dituzte, Batzarretxean argazkia ateratzeko. Ondoren, San Juan kaletik igarota, Foruen plazara ailegatuko dira, eta, han, elkarretaratzea egingo dute.