Tarinek tresna jaia eta entzunaldia antolatu ditu Markina-Xemeinen
Emanaldia gaur [ekainak 13] izango da, 17:30ean, Arretxinagako musika eskolako bigarren solairuan. Era askotako instrumentuak joko dituzte ikasleek.
Tarine Udal musika eskolako 7-8 urteko ikasleek lehenengo aldiz joko dute gaur [ekainak 13] jende aurrean. Udaberriko entzunaldien baitan tresna jaia eta entzunaldia antolatu ditu eskolak, eta hainbat tresna joko dituzte gaztetxoek: pianoa, gitarra, trikitixa, tronpeta eta bibolina. Emanaldia 17:30ean izango da, Markina-Xemeingo Arretxinagako musika eskolako bigarren solairuan.
Errepertorio zabala eskainiko dute, estilo guztietako abestiak joko dituzte, tartean abesti herrikoiak ere bai. Bintou Ibarrak, Edurne Sotresek, Unai Eizagirrek eta Iraia Otaduik pianoa joko dute; Paule San Sebastianek, Jule Bilbaok, Aizpea Barrenetxeak eta Alaine Kaltzakortak gitarra; Amaia Ansak, Ainhize Zuazok eta Olatz Gomezek trikitixa; Iker Mentxakak tronpeta, Laia Muruagak eta Alize Martiartuk flauta eta Irati LaiƱok bibolina. HEMEN EGITARAUA.
Ondoren, 18:30ean beste entzunaldi bat eskainiko dute eskolako beste ikasle batzuek, eta ekainaren 15erako ere beste bat prestatu dute. Guztira hemeretzi doinu joko dituzte ikasleek gaur arratsaldeko bigarren emanaldian, estilo desberdinetakoak eta intrumentu desberdinekin. Zapi zuria, Neska zaharrak edota Aitorren hizkuntz zaharra herrikoiak, Zea Maysen Negua joan da ta, Shin Chan telesaileko abestia eta Julio Cesar Sandersen Adios muchachos dira hemeretzi doinu horien arteko batzuk. EGITARAU OSOA.