Mutrikuko EH Bilduk parte hartze prozesua bultzatuko du
Mutrikuko portuko babes dikearen obrak bukatzeko esleipena bide, adierazpenak egin ditu, herritarren parte hartzea erdigunean jarriz.
Mutrikuko EH Bilduk portuko obren inguruko iritzia zabaldu du, herritarren parte hartzea sustatzea erdigunean jarriz. Azaldu dutenez duela 20 urte “inori ezer esan eta kontsultatu gabe” hasitako portuko lanek kanpoko Babes Dikea erdipurdi utzi zuten. Orain, duela gutxi ezagutzera eman da babes dikea bukatzeko obren esleipena burutu dela. Horren aurrean, “pena handiz hartu dugu era horretan hartu izana erabakia” adierazi dute EH Bildutik, eta gaineratu dutenez obrek ekarri dituzten ondorioak erdigunean jarriz “dikearen eta danborraren artean sortu den ur-laminan zer egin nahi den galdetuta, isiltasuna edo ezjakintasuna izan da erantzuna, gure harridurarako”.
Egoera horrela izanik, EH Bilduk parte-hartze prozesua bultzatuko duela ziurtatu dute “alternatiba desberdinen aurrean herritarren iritzi nagusia zein den jakiteko eta berau tinko defendatzeko Puertosen aurrean”. Helburu bakar eta finkotzat herritarren nahia edo asmoa “behingoz” kontuan hartzea izanik.
Azaldutako bidea jorratzeko, Mutrikuko Udalarengana zuzendu dira, eskaera zehatza eginez “begi onez ikusiko genuke udalak bere gain hartuko balu ardura hau eta datorren udazkenean hasiko balu prozesua”.