Mutrikuko I. Goitibera lasterketa
Zapatuan [ekainak 18], 16:00etan, Euskal Inertziaren Kopako laugarren proba baliagarria lehiatuko da Mutrikun. Antolatzaileek boluntarioak behar dituztela aipatu dute.
Herriko Tranpan Behera Goitibera Taldeak eta Mutrikuko Udalak elkarlanean antolatu duten lehenengo Mutrikuko Goitibera lasterketa, eta hain zuzen ere, Euskal Inertziaren Koparen barruan kokatuta dago, laugarren froga izanik.
Kalbario gainetik emango diote hasiera eta Platxuelas etxe aurrean bukatuko da bi kilometro eta 100 metroko ibilbidea. Hiru tanda egingo dituzte parte hartzaileek, lehenengoa 16:00etan hasiko da, entrenamendu gisako tanda. Ondoren, 17:00etan emango diote hasiera bigarren tandari, ofiziala eta puntuagarria izango dena. 18:00etan, hirugarren eta azken tandari bide emango diote, ibilbide berdina osatuaz, hau ere puntuagarria izanik.
Lehia bukaturik, emaitzak jaso eta ondoren, Txurruka Plazan burutuko da sari banaketa.
Antolatzaileek aipatu dutenez, ibilbidea igarotzen den bidea itxita egongo da 15:30eatik 19:30era.
Boluntario bila
Tranpan Behera inertzia taldeak boluntarioak behar ditu lasterketan laguntzeko. Ekainaren 18an, 15:30etik 19:30 era bitartean. Laguntzeko prest dagoen orok 618136404 telefonora deitu dezake.