Ines Morenok eta Kurt Mcdonaldek irabazi dute 29. Lekeitioko Triatloia
Mikalya Messer eta Maialen Eliak osatu dute emakumeen podiuma, eta Urko Herran eta Haritz Garate Amandarri Triatloi Klubeko lekeitiarrak gizonezkoena.

Lekeitio bilakatu da triatloizaleen plaza gaur [ekainak 18] . Garraitz kirol taldeak antolatutako 29. Lekeitioko Triatloiari hasiera eman diote 16:00ak puntu-puntuan. Urduritasuna, tentsioa igarri-igarriak ziren parte hartzaileen artean. 750 metro igerian, 21 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrikan osatu beharko erronka zuten aurretik izena eman duten 400 kirolarik baino gehiagok, hain zuzen ere 421 guztira, horietako 87 emakumeak.Â
Emakumeetan Mikalya Messer izan da azkarrena igeriketa proban eta baita bizikletan ere, erakustaldia eskaini du Australiar gazteak, baina Lea La Blancako Ines Morenok aurrea hartu dio korrikaldiko azken txanpan, sailkapenari bira eman eta garaile bilakatuz. Horrela, 1 ordu 13 minutu eta 39 segundo denboragaz txapela jantzi du gasteiztar taldekoak. Australiarra, azkenik, minutu eskasera helmugaratu da. Hirugarren postuan, San Juan Donibane taldeko Maialen Elia izan da podiuma osatu duena, 1 ordu 15 minutu eta 8 segundo markagailua osatuaz.
Gizonezkoetan, ordubete eta minutuko kronoa (01.01.11) markatu du Kurt Mcdonald australiarrak, irabazle izendatuz. Bigarren atera da uretatik 09.06ko kronoa eginda, eta bizikletako proban  faboritoen taldeak harrapatu du. Korrikako 5 km-ak 16.37ko denboran egin ditu, eta bakarrik sartu da helmugan australiarra, proba ikusgarria burututa eta herritarren txalo zaparrada artean. Bigarren sailkatua, Espainiako Duatloiko Txapeldun izan berri den Urko Herran Lea La Blancakoa izan da, hain zuzen ere, garailearengandik minutu bat eta 13 segundora helmugaratu dena. Hirugarren postuan, Haritz Garate lekeitiarra izan da proba izugarria eginez, 1 ordu 2 minutu eta 34 segundoko markagailua lortu duana. Amandarri Triatlon Klubekoa denboraldi izugarria egiten ari da, duela hilabete laugarren postua eskuratu zuen Iruñeko Half Triatloian.Â































































































































