Garbiketa sektoreko langileak, patronalaren zain
Atzo [ekainak 20] eta gaur [ekainak 21] garbitzaileen sektoreak deitutako grebagaz bat egin dute Ondarroako Eulen enpresako langileek. Ohi legez, Artibai egoitzaren aurrean batu dira.
Ondarroako garbitzaileen sektoreko Eulen enpresako langileak Artibai Egoitza aurrean bildu dira asteon bi egunez jarraian, hain zuzen ere, ekainaren 20an eta 21ean. Bizkaiko hitzarmenaren negoziazioak medio sindikatuek deitutako lau greba egunen horien azken biak izan dira horiek: “Orain patronalagaz biltzeko zain geratzen gara” , adierazi dute. Hain zuzen ere, uztailaren 6an daukate hitzordua jarrita, berriz ere bildu eta oraingoan akordio bategaz ateratzeko helburuagaz.
Ekainean izandako negoziazio mahaitik akordiorik gabe atera ziren alderdiak, hortaz, ELA eta LAB sindikatuek beste lau greba egun deitu zituzten; “patronalaren proposamen bakarrak gaur egun langileek dugun soldatetan atzera egitea dakar” esan zuten.
Hitzarmenaren negoziazioak hasi zirenetik borrokan jarraitzen dute Ondarroako Eulen enpresako langileek, hasieran deitutako sei greba egunekin bat egin zuten, eta ekainean deitutako lau egunekin ere bai. Helburuak argi dituzte ondarrutarrek: “Ez gara geldituko baldintza duinak lortu arte”.