Ondarroako bakarkako kirolariek zein taldean dihardutenek Euskal Herrian zein atzerrian duten oihartzuna ikusita eta Ondarroako Kirol Batzordeak egindako proposamena kontuan hartuta, herriaren izena zabaltzeko baliabide modura ‘Ondarroa’ marka erabiltzea adostu dute.
“Dagoeneko egonkortuta eta herritar guztien iruditegian gordeta dagoen Iñigo Zabala ondarrutarraren diseinuaren aldeko apustua egin dugu”, azaldu du Nagore Badiola Kirol zinegotziak. Bi aukera jarri ziren mahai gainean; dagoeneko egonkortuta dagoen irudia zabaltzen jarraitu edo berri bat sortu. “Aho batez erabaki genuen Iñigo Zabalaren diseinuarekin jarraitzea”.
Ikurra. Iñigo Zabala ondarrutarrak diseinatutako irudia da. Jada herriko hainbat kirol taldek erabiltzen dute, tartean, Arraun Elkarteak, Igeri Taldeak, Aurrera Kirol Elkarteak edo Koaxi Triatloi Taldeak. Hortaz, hurrengo pausoa herriko kirol talde eta kirolari guztiek erabiltzea da asmoa, “herrian dugun kirol zaletasuna eta maila altua ikusirik, modu oso egokia da herriaren izena lau haizetara zabaltzeko. Horretaz gain, kirol talde guztiek ikur amankomun bat izatea ere oso garrantzitsua da”.