Iles du Saloum, irratsaio bat baino gehiago
Kulturartekotasuna, hizkuntzak eta harremanak sendotzeko bide bilakatu dute Ondarroako Radixu Irratian lekua hartu duen Iles Du Saloum irratsaioa.
Ondarroako HHI (Heldunentzako Heziketa Ikastola) gaztelaniazko ahozko komunikazioa lantzen duen Nerea Lorenzo eta Mikel Breixo irakasleek, Radixu Irratiko kideekin elkarlanean ideiatutako proiektua da: “Ahozko komunikazioa lantzeko zein modu hobeagorik irratiaren bidez egitea baino”.
Otsailaren 2an jarri zuten martxan proiektua, eta lehen irratsaioa aurrera eraman zuten “lehen kontaktua izan zen, irratia ezagutu eta irratsaioan taldearen aurkezpena egin zuten”. Bakoitzak ikasle talde bat izanik, astero txandakatzen joaten dira, hamabost egunetik behin talde batek hartzen du lekukoa, horrela prestakuntza lanetarako aste bete izaten dute, eta hurrengo astean, jada saioa prest izanik, irratira joaten dira.
“Taldea gaztea da eta hori nabaritu egiten da, indartsu eta gogotsu daude ikasteko, eta hori abiapuntu bezala ezinbestekoa da”
Taldeak aukeratzen du zein gai landuko duten, “ezagutzen duten gaiak hautatzen dituzte, edukia arazo izan beharrean ondo menperatzen dituzten gaiak izaten dira, edukia bidelagun izanik, arreta ahozko komunikazioan ezartzeko”. Behin aukeraketa eginda, aste betez lantzen dute gaia, gidoia prestatu, eginbeharrak banatu eta edukiari buruzko prestakuntza lanak burutzen dituzte. Ondoren, taldean jende aurreko irakurketa lantzen dute, mikrofonoaren aurrean jarri baino lehenago testua ondo menperatutako izateko. Hurrengo astean, jada, konfiantza osoz irratsaioari bide emateko.
Kasu honetan, Lorenzoren ikasle taldea izan da irratsaioa aurrera eramateko eginkizuna izan duena. Hamalau ikaslek osatzen dute taldea, Indiakoak eta Senegalekoak dira guztiak, eta hain zuzen ere 18-30 urte bitartean dituzte, “taldea gaztea da eta hori nabaritu egiten da, indartsu eta gogotsu daude ikasteko, eta hori abiapuntu bezala ezinbestekoa da” aipatzen du Lorenzok. Nagusien heziketa klaseetan oro har adin tarte helduagoko jendea egoten da.
Ibilbidea
Behin lehenengo kontaktua izanik irratiagaz, gaiak lantzeari ekin zioten. Lehenengo saioan, hain zuzen ere, martxoaren 8a landu zuten, Wangari Muta Maathai lehenengo emakume afrikarra izan zen Nobel Saria irabazten, eta bere ibilbidea ezagutzera eman zuten. Ondoren, Korrika jarri zuten erdigunean, eta gaia lantzeari ekin zioten. Azken asteetan jaiak jarri dituzte erdigunean, eta azken saioa Senegaleko jaiei buruzkoa izanik, oraingoan Indiako jaiak landu eta ezagutzera emango dituzte. Taldean Indiako kideak izanik, beraiek izan dira saioa bideratzeaz arduratu direnak. Ondo menperatzen duten gaia da, eta gogotsu agertu dira beraien kulturaren parte dira jaiak ezagutzera emateko. Asko landu dute gaia, eta jai garrantzitsuenak hautatu dituzte entzuleei jakitera emateko asmoz. Gainera, formatu ezberdinak uztartzea eta musika egitura bide erabiltzea aukeratu dute.
“Gogotsu daude Zapato Azule zer izango den ikusteko”
Absa, Hawa, Anjali, Sagar eta Ibrahimak jaien berri eman zuten, hala nola, Indiako jai garrantzitsuenetariko batzuk azalduz. Indiako jaiak naiz eta erlijioan sustraituta egon, eboluzioagaz herritarren arteko loturak sustatzeko bide izatera heldu dira. Taldekoek lehen eskutik ezagutzen dituzten jaiei buruzko saioak eginik, orain Ondarroako jaiak ezagutzeari ekingo diote “gogotsu daude Zapato Azule zer izango den ikusteko, zer ospatzen den galdetzen digute eta zaila egiten zaigu azaltzea zer gertatzen den egun horretan, berezia da, ezin da azaldu”. Hortaz, asteon izango dute aukera lehen eskutik Ondarroan errotuta dagoen jaia bizi eta ondoren, entzuleekin partekatzeko.
Orain arte emititu diren saio guztiak entzungai daude Radixu irratiaren webgunean, beste irratsaio guztien atalekin batera.