"Oso gogorra, baina asko gustatu zaidan esperientzia izan da"
Elkartasuna helburu, seigarren erronka handia osatu berri du Ander Txakartegi Basterretxea berriatuarrak. Transpyr proba osatzea "orain arteko erronkarik gogorrena" izan dela aitortu du Helmugak proiektuko kideak.
Erronka solidario berri bat osatu ondoren, “pozik” agertu da Ander Txakartegi Basterretxea. Helmugak proiektuko kideak Pirinioetako kostalde batetik bestera eman ditu pedalkadak Aspanovasen alde. Transpyr proba osatzea “orain arteko erronkarik gogorrena” izan dela aitortu du abenturazale eta kirolari berriatuarrak; ordu asko bizikleta gainean eta era guztietako zailtasunak gainditu behar izan ditu, baina merezi izan du “beste helburu bat” betetzea lortu du eta.
“720 kilometroko izan dira eta 19.000 metroko desnibela. Oso gogorra. Ordu asko bizikleta gainean eta gero, denetariko zailtasunak: luzea, aldapa asko, beroa, zati tekniko asko bai gora bai behera, oinez egin behar izan ditugu zati batzuk mendiko tarte batzuetan…”. Eguraldia behintzat ona eduki dutela esan du: “Portu baten egin zigun euri pixka bat, gero, ikaragarrizko beroa. Zirak ere kendu egin genituen, eta Seu d’Urgellera heltzen, helmugarako bi kilometroren faltan, ikaragarrizko zaparrada bota zuen. Bestela, ezin gara kexatu. Lehen egun bietan hezetasun handia eta behe lainoa eduki genuen. Iratiko basoa igaro genuenean, beraz, 100 metrora ez zen ezer ikusten. Dena lainoa eta bustita denbora guztian, baina tenperatura hala ere atsegina zen, ez zegoen hotzik”.
Probako momenturik txarrena laugarren etapan bizi izan zuela azaldu du Txakartegik. Gaueko afariko zer edo zerk kalte egin eta goizaldean tripako minagaz itzartu zen, eta makalik hasi zuen laugarren jarduna. “Desnibelik handiena zeukan etapa zen, 3.700 metroko desnibela, eta oso makal hasi nuen, indarrik barik, ikusten nuen ez nindoala aurrera, baina nire burua engainatzen joan nintzen. Portu luze baten erdi ingurura arte nahikoa sufritu nuen. 16 kilometrotan 2.000 metrora igo behar ginen, eta oso portu gogorra zen. Baina, gero, gorputzak buelta eman zidan eta eutsi eta eutsi, batez ere buruari esker, helmugara heltzea lortu nuen”.
Hankei dagokionez, indartsu sentitu da, baina azkenerako nekea nabaritu du. “Egunean 9 bat ordu egiten genituen bizikletan eta desnibel asko, eta azkenean, gorputza makaltzen doa. Etapa bakoitzean eustea izan da gakoa”.
Taldean. Hasiera batean zeharkaldia bakarrik egiteko asmoa bazeukan ere, abiatu baino egun bat aurretik Igeldoko ezagun bategaz jarri zen hartu emanetan. Batera irteteko geratu ziren, eta irteeran beste euskaldun bat batu zitzaien, Igeldokoaren lankidea. Afalorduan beste euskaldun bat egin zuten lagun, eta azkenik, Ziortza-Bolibarko Arta auzoko Aitor Antsotegi ere batu zen taldera. Horrela, beraz, bost euskalduneko taldea osatu dute. “Talde polita egin dugu, eta elkar lagunduaz harreman handia egin dugu eta oso pozik itzuli gara. Oso esperientzia polita izan da. Gogorra, baina asko gustatu zaidan esperientzia izan da”.
Ibilbidea, erronka, jomuga gainditzea… baina batez ere egin duten lagun taldea izan da Txakartegik balorean jarri duena. “Horrelako proiektuetan, azken baten, egiten duzunagaz gain, handik irabazi duzuna ere bada garrantzitsua, eta oraingoan egin dugun lagun talde hori da lortu duguna, eta oso pozik nago horregaz”.
Lagun talde horretako kideez gainera, Txakartegik ondoan izan ditu Transpyr-en bere ama eta haren laguna, eta horientzako ere izan ditu esker oneko berbak. “Helmugak taldearen parte izan dira oraingoan”.
#Agertxopirata. Erronka bat amaituta, beste bat dauka atarian berriatuarrak: #Agertxopirata. Uztailaren 1etik 3ra luzatuko da kirol jarduera solidario berria. 50 ordutan 700 kilometro eta 14.000 metroko desnibel positiboa daukan ibilbidea osatuko dute Euskal Herriko mendate esanguratsu gehienetatik igarota. Jai handi bat egingo dute amaieran.
Bien bitartean, Aspanovasen aldeko Internet bidezko diru bilketak martxan jarraitzen du Kukumiku atarian ekarpenak egin ahal izateko.