Ondarroako IbilaldiXe aurkeztu dute Bilbon
2023ko Ibilaldiaren helburuak eta leloa aurkeztu ditu Ikastolen Elkarteak. Euskaragaz jolasteko helburuagaz, 'Xe' izango du lelo jaiak: "Gure herria, gure herrixe, horrelakoxea delako: bixixe. Alaixe. Argixe. Iraixe"
Gaur aurkeztu dute Bilbon 2023ko maiatzaren 21ean Zubi Zahar Herri Ikastola-ren ekimenez egingo den Ibilaldia; egun bakarreko jaieguna izango bada ere, hasita daude lanean. Ibilaldiak bost helburu nagusi edukiko dituela azaldu dute ikastolakoek: “Euskara eta euskal kultura ardatz dituen gure ikastola herrira zabaltzea; herriko eragile eta taldeekin harremanak sendotzea; gure hezkuntza komunitateak ikastolarekiko duen atxikimendua areagotzea; ikasleei auzolanaren garrantzia erakustea guraso eta ikastolako komunitate osoa eredu izanik; eta, azkenik, arkitektura pedagogia berrietara egokitzeko baliabide ekonomikoak lortzea”.
Ibilaldi bakoitzak bere lelo propioa edukitzen du, eta Ondarroan ospatuko denak Xe izango du lelo. X eta E hizki bi dira; hizki jolasti bi. Hain zuzen ere, horregaz jolastu nahi izan dute. “Gure hizkuntzagaz jolastea da helburua”. Ondarroan Ibilaldiari “Ibilaldixe” esaten diete, eta hortik hartu dute leloa. “Gure herria, gure herrixe, horrelakoxea delako: bixixe. Alaixe. Argixe. Iraixe”, azaldu dute Zubi Zaharreko ordezkariek.
Zubi Zahar Herri Ikastola 1967an jaio zen gurasoen irakaskuntza kooperatiboa bezala. Ikastolaren helburu nagusia da euskara eta euskal kultura zabaltzea; beti ere hizkuntza integrala emanez. “Identitate euskalduna bermatzen duen kalitatezko eskola sustatu nahi dugu. Horretarako eman behar diren prozesuak ahalbidetzen ditugu ikasleek Europan txertatuta eta munduagaz lotuta dagoen euskal gizarte kohesionatu batean bizitzen ikas dezaten”. Hezkuntza eta hizkuntza ardatza euskara den arren, gaztelania, ingelesa eta frantsesa ere indartzen dituzte ikastolan; horrela, hizkuntzen eta kulturen ikuspegi integratzailea garatuz.
44. Ikastolen jaia. Ibilaldia Bizkaiko ikastolen jaia da. 1978an antolatu zen lehenengoz, Uribe Kostan, eta 1980. urteaz geroztik urtero egin izan da; pandemiako bi urteetan izan ezik. Jaiaren helburuak ondorengoak dira: Bizkaiko ikastolen jaialdia izatea; ikastolen hezkuntza-proiektua ezagutzera ematea; eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzea. Ondarroak hirugarrengoz hartuko du Ibilaldia-: lehenengoa 1993an izan zen eta azkena 2011n.