Hiru txirlo txapelketa lehiatuko dute Barinagan
17:00etan hasiko da Barinagako San Pedro jaietako 4. hiru txirlo bola joko txapelketa, eta Bizkaiko txapelketarako puntuagarria izango da.
Datorren domekan [uztailak 3] 16:00etatik aurrera, bola martxan egongo da Barinagako bolatokian. Aurten ere, Barinagako hiru txirlo txapelketa jokatuko da, eta Bizkaiko txapelketarako puntuagarria izango da.
Bizkaiko 31. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako laugarren jaurtialdia izango da Barinagakoa. Ekainaren 25ean hasi zen jokoan Bizkaiko txapela, eta laugarren bolatokia izango da Barinagakoa. Bi jaurtialdi egin dira aurretik, bata Mallabiko Goitia auzoan eta bestea Markina-Xemeingo Amallon. Hirugarren jaurtialdia zapatuan [uztailak 2] izango da Zaldibarko Eitzaga auzoan, eta Barinagak hartuko dio txanda hurrengo egunean.
17:00etan hasiko da Barinagako norgehiagoka, eta ohi modura, nahi duten guztiek parte hartu ahalko dute, federatu barik edo ordaindu barik ere bai. Hala ere, ordaindu ezean, saririk ez dutela jasoko argitu dute Barinagako txapelketa antolatu duten MX3T elkartekoek. Izen ematea 5 eurokoa izango da, eta sariak ondorengoak izango dira:
- 1. 70 euro
- 2. 50 euro
- 3. 25 euro
- 4. Baskaran gazta erdia.
- 5. Barinagako onenarentzat: 50 euro
Bolatokiko taberna ere zabalik egongo dela gaineratu dute antolatzaileek.
Txapela jokoan. Bizkaiko txapelketari dagokionez, momentu honetan Garikoitz Rodriguez eibartarra dago sailkapenaren buruan 14 txirlo botata, bigarrena Jabier Osoro da, 13 txirlogaz, eta txirlo kopuru berberagaz dago hirugarren postuan Luis Guenaga. Sailkapeneko lehenengo markina-xemeindarra Antonio Ibarluzea Lauzirika da (12 txirlo), sailkapen orokorrean laugarrena, eta emakumeetan lehenengoa Etxebarriko Mirari Azkune (7 txirlo).
[Ikusi Bizkaiko 31. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako EGUTEGIA]