Emakume zientzialarien lana, Uhagoneko oholtzara
Eidabe Ekimen Kulturalak konpainiaren ‘Piztu! Emakumeon Energia’ antzezlana ikusgai egongo da barikuan [uztailak 8] Uhagon kulturgunean. Emakume zientzialariek historian izan duten pisu eta eragina plazaratzen ditu lanak.
Zelakoa litzateke mundu bat benetako berdintasunarekin? Ezoreka eta injustiziaz betetako mundu ilunean argia piztuko bagenu? Guztion energia erabiliz guztiontzat aukera berdinak zabaltzen dituen mundu bat asmatuko bagenu? Eta, bapatean, zientzilari batek asmatuko balu ezjakintasun guztiekin bukatzeko makina miraritsua? Horrek aukera berdintasuna ahalbidetuko luke? Eta asmatzilea emakumea balitz?
Galdera guzti horien gaineko hausnarketatik abiatuta, emakumeak ere zientzialariak izan daitezkela aldarrikatzen duen Piztu! Emakumeon Energia antzezlana dakar Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneko terrazako oholtzara Eidabe Ekimen Kulturalak konpainiak. Imanol Ituñok zuzendutako antzezlanak XX.mendeko zientzialari handietako bat omentzen du: jatorri poloniarreko Marie Curie fisikaria, Nobel Saria jaso zuen lehenengo emakumea, eta bigarren Nobela jaso zuen lehenengo pertsona. Antzezpenean, Curiek bizitakoaren paralelismo bat egiten dute. Izan ere, emakumea izatea aitzaki, zientzialariari hasiera batean ez zioten kimika bere hizkuntzan ikasten utzi.
Obra zientzia kongresu zoro eta dibertigarri batean kokatuko da, eta Tania Fornieles eta Nahikari Rodriguez aktoreek dena hankaz gora jarriko dute, makina miragarri baten laguntzagaz emakume zientzialariaren historian zehar nabigatzen duten bitartean.
18:00etan hasiko da umeei zuendutako antzerkia. Uhagon kulturgunekoek ohartarazi dutenez, euria eginez gero, Plazabarripera lekualdatuko dute ikuskizuna.