Lea-Artibaiko osasun zerbitzuak bermatzearen alde egin du Berriatuko Udalak
Lea-Artibaiko Nagusien Ekarteek, Herri Lagunkoia Proiektuktuan dauden taldeek eta hainbat eragilek aurkeztutako mozioa onartu du udalbatzak. Eskualdeko herrietan egunero mediku eta erizain zerbitzua egotearen eskariagaz bat egiten dute, baita espezialistarentzat itxaronaldiak laburtzeagaz ere.
Lea-Artibaiko Nagusien Elkarteek, Herri Lagunkoia proiektuan lanean dauden Mendexa, Amoroto, Gizaburuaga, Aulesti, Munitibar, Lea Ibarra, Lekeitio, Ea, Berriatua eta Ondarroako taldeek eta eskualdeko eragileek agerraldia egin zuten ekainaren 22an Lekeitioko osasun etxearen aurrean, euren kezkak adierazi eta eskualdeko herrietako osasun zerbitzuak bermatzea eskatzeko. Urteak aurrera joan ahala osasun zerbitzuen egoerak “okertzeko joera nabarmena” hartu duela salatu zuten. Ardura eta egonezina adierazi zituzten, batez ere, Gotzone Sagardui osasun Sailburuak ekainaren 8an egindako adierazpenen aurrean.
Diotenez, osasun sailburuak aurrera begirako plan modura deskribatu duena egungo errealitatea da, “mugikortasun handiagoa, oporraldietan osasun zentro batuen ordutegi moldaketa, eta, oro har, sendagile falta”. Egoera horren ondorioz herri txikiak jendez husten joango direla, eta ari direla, ikusten dute, eta azpimarratzen dute hori ez dela “gauza ona inorentzat”.
Indarrak batzeko, udaletara jo dute, eta mozioak aurkeztu dituzte herriz herri, udalbatzei mozioaren berri Osasun Sailburuari helaraztea eskatuz. Idatziaren bidez Lea-Artibain eta gainontzeko eskualdeetan osasun zerbitzua bermatzea eta egunero erizain zerbitzua izatea eskatzen dute, eta baita espezialistarentzat itxaronaldiak laburtzea ere. Berriatuak eman du bere onespena, eta mozioa beste herrietako osoko bilkuretan ere aintzat hartzea itxaroten dute elkarte eta eragileek.
[Elkarte eta ergileek udaletan aurkeztutako MOZIOA]