Markina-Xemeinek Baztan izango du Euskadiko herriarteko txapelketako bidean
Markina-Xemeinek Baztanen kontra jokatuko du Euskadiko herriarteko esku pilota txapelketako finalaurreko partidua. Zumarragako frontoian jokatuko dute, eta ez dago hautagai argirik. Markina-Xemeindarren helburua finalerdikoa eta txapelketa poltsikoratzea da, Bizkaiko txapelketa irabazi ondoren.
Markina-Xemeinek Baztanen kontra jokatuko du zapatuan Euskadiko herriarteko esku pilota txapelketako finalaurrekoa. 11:00etan hasiko da bi herrien arteko norgehiagoka, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Euskadiko herriarteko txapelketa probintzia bakoitzeko irabazleen artean lehiatzen dute, eta zozketa bidez zehazten dituzte partidu bakoitzeko aurkariak.
Beste finalerdikoak Arabako txapelduna, Gasteiz, eta Gipuzkoakoa, Oiartzun, ipiniko ditu aurrez aurre. Partidu hori ere Zumarragan lehiatuko dute. Oiartzun, hain zuzen ere, Euskadiko txapeldun bihurtzeko hautagai nagusia, Markina-Xemeingo taldekoek azaldu dutenaren arabera.
Kadete, gazte eta nagusi mailako partiduak jokatuko dituzte Zumarragan. Markina-xemeindarren taldekoek azaldu dute Baztango taldea “ez dutela larregi ezagutzen”, baina, dena dela, partidu lehiatuak eta gogorrak espero dituzte: “Nafarroako txapeldunak baldin badira, maila handiko taldea daukatelako da”. Markina-Xemeinek ondorengo pilotariak eroango ditu jokatzera: Alvarez I.a eta Calvo, kadete mailan; Ibarloza I.a eta Alvarez II.a, gazte mailan; eta Agirreamalloa eta Ibarloza II.a, nagusi mailan.
Lesio bat tarteko. Markina-Xemeingo taldea huts “oso esanguratsu” bategaz joango da Zumarragako finalaurrekora; izan ere, kadete mailako aurrelaria, Mikel Egurrola, min hartuta dago. “Badirudi Egurrolaren lesioa luzerako doala eta, horrenbestez, ezin dugu beragaz kontatu; hortaz, Amets Alvarezek jokatuko du bere ordez, eta taldearen mailak bere horretan eustea espero dugu”, adierazi dute. Era berean, markina-xemeindarrek argitu dute “esperantza guztiekin” ekingo diotela partiduari: “Arazoak arazo, finalerdikoa eta txapelketa irabaztea da gure helburua; badakigu ez dela erraza izango, baina aukerekin gaude”.
Finalaurrekoak partidu bakarrera egingo dituzte, eta Euskal Pilota Federazioak zuzenean emitituko du Facebook bitartez. Markina-Xemeingo taldekoek ez dute aurreikusten ikusleak herritik Zumarragara mugitzea, Karmen Egunean izango baita finalaurrekoa. Txapelketako finala hilaren 24an izango da, hori ere Zumarragan.