Aurreikuspen ona dago Etxebarriko II. Herri Kroserako
49 lagunek eman dute izena, momentuz, Etxebarriko II. Herri Kroserako. 600, 1.200 eta 6.000 metroko probak egongo dira eta, ostean, mokadua edukiko dute parte hartzaileek.
Zapatuan Etxebarriko II. Herri Krosa egingo dute. Txik-Txak kirol elkarteak antolatu du kirol eta aisialdi jarduera hori eta, koronbarisuak eragindako urteĀ biko etenaldiaren ondoren, egiten den bigarren aldia izango da. Antolakuntza lantaldeak luzera ezberdineko hiru ibilbide egokitu ditu: laburra, ertaina eta luzea. Azaldu dutenaren arabera, ibilbide laburrak 11:00etan izango du hasiera, eta 100 metroko luzera edukiko du. “Gaztetxoenen artean atletismoarekiko zaletasuna hauspotzeko helburua dauka inongo zailtasunik ez duen proba horrek”, azaldu dute antolatzaileek.
Parte hartze ona. Bigarren lasterketa, 11:30ean hasiko da, 1.200 metrokoa izango da, eta bidegorrian zehar egingo dute. Hirugarrena eta azkena, ostera, 6.000koa izango da, hau da, hiruretan gogorrena, 12:00etan hasita. Proba nagusi horretan, herriguneari itzuli bi emango dizkiote parte hartzaileek. Gaur-gaurkoz, 49 lagunek eman dute izena zapaturako, eta antolakuntzakoak “oso pozik” daude korrikalari kopuru horregaz: “Lea-Artibaiko parte hartzaileez gain, Euskal Herriko bazter guztietako lasterkariek eman dute izena, eta pozarren gaude horregaz”, adierazi dute.
Kirolprobak plataforma baliatu dute Txik-Txak kirol elkartekoek izen ematea egiteko; horrez gain, herriko tabernetan apuntatzeko aukera ere luzatu diete lasterkariei. Era berean, egunean bertan izena eman ahalko dute gura dutenek. Lasterketen ondoren, mokadua edukiko dute parte hartzen duten guztiek; gainera, dutxak ere erabilgarri izango dituzte.