Igerilariak Ondarroan uretaratzeko prest daude
600 eta 1.500 metroko itsas ibilbideak egongo dira Ondarroako 35. Itsas Zeharkaldian. Gazte, master, senior eta beterano mailak barnebiltzen ditu zeharkaldiak. Parte hartzaileek sariak jasoko dituzte, eta Elena Fernandezen oroimenezko ekitaldia ere egingo dute.
Zapatuan 35. Itsas Igeri Zeharkaldia egingo dute Ondarroan. Urtero legez Elena Fernandez Iturrioz memoriala izango da. 310 lagun inguruk eman dute izena dagoeneko. Ondarru Igeri Taldeko kideak “pozik” agertu dira apuntaturiko igerilari kopuru horregaz: “Badirudi pandemia aurreko kopurua berreskuratzea lortu dugula, eta hori albiste oso ona da”. Dena dela, egunean bertan izena emateko aukera ere izango dute parte hartzaileek; hori bai, eguneko izen ematea, kategoria guztietan, 10 euro garestiagoa izango da.
10:30ean uretaratuko dira lehenengo igerilariak. Ordu horretan, gazte mailako gizonezkoak hasiko dira; maila horretako azkenak proba amaitzen duenean, gazte mailako emakumezkoen txanda izango da. Ondoren, nagusi mailako gizonezkoak ipiniko dira abian eta, behin horietako azkenengoa lehorreratuta, hamar minutuko etenaldia egingo dute, nagusi mailako emakumezkoek hasiera hartzeko unea izango da. Umeek 600 metroko zeharkaldia egin beharko dute eta nagusiek, aldiz, 1.500 metrokoa.
Denentzako sariak. Kategoria guztietako igerilariek proba burutzen dutenean, bakoitzari kapela, kamiseta eta garaikur bana egingo diote opari. Horrez gain, urtero legez, Elena Fernandez Iturrioz zenaren oroimenezko ekitaldia ere egingo dute zapatuan. Fernandezen alaba eta senarra ekitaldi horretan izango direla aurreratu dute antolakuntzatik. Beraiek biek emango dizkiete, hain zuzen, Ondarru Igeri Taldeko lehendabiziko ondarrutarrei sari bereziak.
Gazte mailako igerilari guztiak, neska zein mutil, kategoria bakarrean sartu dituzten arren, nagusien artean hiru kategoria bereiztu dituzte antolatzaileek, igerilari bakoitzaren adinaren araberakoak: seniorrak, masterrak eta beteranoak. Maila horietako lehen hiru sailkatuek garaikurra jasoko dute, eta baita gizonezkoetako zein emakumezkoetako bi igerilaririk beteranoenek ere.
Antolakuntza lantaldeak aipamen berezia egin gura dio Carlos Santanari. Santana 1940. urtean jaiotako igerilari dionostiarra da, eta historian Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiaren edizio guztietan parte hartu duen bakarra da. Ondarroako itsas zeharkaldian ere urtero-urtero parte hartu izan du Santanak. Amaitzeko, antolatzaileek argitu dute hizlari eta animatzaile lanak egingo dituena Ugaitz Alegria aktorea izango dela.