Mutriku eta Berriatuaren artean egongo da Euskadiko Herriartea
Mutrikuk eta Berriatuak Euskadiko Herriarteko Txapelketako finala jokatuko dute Lekeition.
Berriatuak eta Mutrikuk Euskadiko Herriarteko zesta-punta Txapelketako finala jokatuko dute bihar Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan. Berriatua eta Mutriku Bizkaiko eta Gipuzkoako txapeldun izendatu dira aurten, hurrenez hurren, eta horregatik lehiatu dute Euskadiko Herriartekoa. Bi klubetako ordezkariak “oso motibatuta” agertu dira finalaren ataritan, eta “partidu oso lehiatua” izango dela adierazi dute.
Hiru mailatako puntistak ariko dira zein baino zein gehiago: kadeteak, gazteak eta nagusiak. Berriatuako taldeko ordezkarien arabera, kadete eta gazte kategorietan “Mutriku baino mailatxo bat gorago” daude, baina, dena dela, “final estua” izango dela aurreikusten dute. “Gure helburua kadeteen eta gazteen partiduak irabaztea da, nagusi mailan gehiago sufrituko baitugu; beraz, norgehiagoka horretara errenta lortuta iristea komeni zaigu”.
Nagusiek dute giltza. Nagusi maila izango da, berriatuarren ustez, norgehiagokarik gogorrena. Berriatuak Antxon Alberdi eta Ibon Aldazabal hautatu ditu partidu horretarako; Mutrikuk, ostera, Markina-Xemein Jai Alai Grand Slameko gazteen finalean gailendu berri diren EƱaut Urreisti eta Mikel Manzisidor aukeratu ditu.