Danborzaleak herri mugimendua abian Mutrikun
Atzo [abuztuak 28], 12:30ean, Mutrikuko hondartzako sarreran egin zuten elkarretaratzea. Dikea bai edo ez, 'Erreferenduma orain!' lelopean.
Eusko JaurlaritzakĀ 2004. urtean abiatu zuen eta aurtengo irailean berrabiaratuko dituen obra lanak gelditzea eta proiektuaren aurreko desadostasuna adieraztea du helburu Mutrikuko Danborzaleak herri mugimenduak. Hori dela eta, herri galdeketa deitzea eskatu diote eragileei, eta domekan egindako elkarretaratzea bidea ereintzeko ekimena izan da, eta erantzun ona izan du.
Mutrikuko portuko plan berezia deituriko proiektuaren baitan, besteak beste, hondartza eremu berri bat sortu, bertarako sarbideak ezarri eta babes dikea eraiki zuten, baina obra lanak bukatu gabe geratu ziren. Urte luzez lanak bertan behera geratu ostean, proiektua berriz ere martxan jarriko dute. “Babes dikearen luzatzeaz gain, kirol portuaren eraikitzea, hondartza eremuaren pribatizazioa, danborra, moilaberri, arranpa, igerilekua eta ingurumen naturalaren suntsipenaren jarraipena izango da”, salatu dute elkarteko kideek.
Horren aurrean, herritarren artean sortu diren beldurrak azaleratzeko eta badia babesteko helburuagaz sortu dute herri mugimendua: “Ez gara alderdi politiko baten parte, eta Jaurlaritzaren zein udalaren aldetik sumatzen dugun informazio falta eta isiltasuna salatu nahi ditugu”. Danborzaleen helburua da prozesu parte hartzaile bat abian jarri, eta herritarrek proiektua onartzen duten edo ez erabakitzea ahalbidetzea. “Etorkizuna jokoan dagoen heinean, etorkizunari buruzko erabakia herritarrengana zabaltzeko eskaria egin nahi diogu Jaurlaritzari eta baita Mutrikuko Udalari ere”.