Galbaixoetako marmitako lehiaketako izen ematea abian da
Txoko Eder elkarteak urtero antolatzen duen lehiaketan hamasei taldek parte hartu ahalko dute gehienez, eta irailaren 8ra arte dago zabalik izena ematea.
Irailaren 15eko Mutrikuko Galbaixo Txiki Egunean egingo den marmitako lehiaketan izena emateko epea zabalik dago. Parte hartu nahi dutenek irailaren 8ra arte izena eman ahalko dute, Albaro dendan edo Sabinan. Izena ematerakoan, talde bakoitzak hamar euroko fidantza jarri beharko du.
Lehiaketa Txoko Eder elkarteak antolatzen du, Mutrikuko Udalaren laguntzagaz. Azaldu dutenez, gehienez ere hamasei taldek izena eman ahalko dute lehiaketan. Talde bakoitzean gehienez ere bi lagun egon ahalko dira, eta talde bakoitzak hamasei lagunentzako marmitakoa prestatu beharko du.
Lehiaketa 10:00etan hasi eta 13:00etan amaituko da. Ondoren sari banaketagaz hasiko dira, 14:00etan, hain zuzen ere. Sariak banatu ostean, ohi legez, enkantea egingo da. Antolatzaileek aipatu dutenez epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da.
Osagaiak eta marmitakoa egiteko tresnak. Antolatzaileek talde bakoitzari hiru kiloko hegaluzea, 4,5 kilo patata, olioa, gatza eta sua emango dizkie. Hortaz, talde bakoitzak prestakuntza lanetarako beharrezko materiala eraman beharko du, hala nola: lapikoa eta sukalde tresnak, piper berdeak edota gorriak, txorizo-piperrak, kipula, ogia, pipermina eta tomatea. «Osagarri horiez gain, barazkiak ere onartuko dira, baina beste ezer ez gehiago. Ezin da kondimendurik erabili».
Sari banaketari dagokionez, guztira sei sari banatuko dituzte. Lehen postuan geratzen direnek txapelak eta 250 euro eskuratuko dituzte. Bigarren eta hirugarren geratzen direnek 175 euro eta garaikurra eta 100 euro eta garaikurra, hurrenez hurren. Azken hirurek, ostera, sari bera jasoko dute: bi ardo botila eta garaikurra.