Herriko katu koloniak elikatzeko baimendu txartelak banatuko dira
Udalaren bitartez egingo da eskaera, eta baimenduek betebehar batzuk izango dituzte.
Ondarroako kaleetan bizi diren katuen koloniei janaria emateko baimena emango duten txartelak banatuko dira Babestu Ondarroako Katuen Babeserako elkartearen ekimenez, eta Ondarroako Udalaren laguntzagaz. Ekimenaren helburua kaleko katuen janariari buruzko jarraipen bat egitea da, hau da, nork, non eta zer ematen zaien kontrolatzea. Horrela, orain arte sortutako arazoak saihesteko, tartean, janari desegokia ematea, kalean janaria geratzea eta horrek beste animalia batzuk erakartzea.
Ondarroako Udalak bere esker ona adierazi du Babestu elkarteari abiarazi duen ekimenaren aurrean: “Animalien ongizatea bermatze aldera eta pertsonen eta kaleko katuen elkarbizitza hobetze aldera egindako urratsak garrantzitsuak baitira.”
Baimendu txartela lortzeko udaletxeko Erregistro Orokorrean eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da, edota udalaren webgunearen bitartez eskaera bete eta udaletxean utziz.
Ekimenaren bultzatzaileek jakinarazitakoaren arabera, baimendu txartela izateko eskaera egiten dutenek betebehar batzuk izango dituzte:
- Kolonietako katuak bakarrik katuentzako janariarekin elikatuko dira.
- Baimenik gabe ezingo da katuen elikatze-puntu berririk sortu.
- Katu koloniaren elikadura-eremua garbi edukitzea: pentsua eta ura ontzi garbietan ipiniko dira. Janaria ez da lurrean utziko.
- Gune bakoitzak Babestu elkarteko kide bat izango du koordinatzaile lanak egiteko. Guneko koordinatzaileari abisatu beharko da beti katu kolonietan aldaketa edo arazoak sortzen badira: katuak ezin elikatu, arau guztiak bete arren bizilagunekin arazoak, katu kume berrien jaiotza, katu heldu berriren baten agerpena, etab.
- Hemen adierazitakoak jarraitu ezean txartela kendu ahal izango da.
Bestalde, baimenik ez dutenek debekatuta dute kaleko katuei jaten ematea, hori adierazten baitu Ondarroako udalerrian animaliak eduki eta babesteko Ordenantza arautzaileak: : “Debekatuta dago bide publikoan eta orubeetan hegazti, txakur, katu eta kaleko beste edozein animaliari janaria ematea hartarako berariazko baimenik gabe”.