Ekoizleak, gaztagileak eta atun errea, Mutrikuko Beheko Plazan
Zapatuan [irailak 10] Merkatu Txikia ospatuko da 09:00etatik 14:00ak bitartean. Herriko ekoizleez gain eskualdeko gaztagileak ere egongo dira. Mutriku Arraun Taldeak atun errea eskainiko du.
Mutrikuko Merkatu Txikia berrikuntzekin burutuko da zapatuan [irailak 10], 09:00etatik 14:00etara bitartean, Beheko Plazan. Ohiko herriko ekoizleen eskaintzagaz batera, Gazta Azoka eta atun errearen dastaketa burutuko baitira.
Herriko ekoizleen produktua bistaratu eta kontsumitzaileen eskura jartzeko helburuagaz jarraituko dute, eta herrian ekoiztutako produktu bikainen aukera zabala egongo da. Kalitate altuko produktuak denen eskura, hala nola, Goienetxeren Artzain Gazta, Ondare mermelada eta barazki kontserbak, Zortziko artisau eztia, Amaia Aberasturiren artisau lanak, Ekoalborazen barazki ekologikoak eta Iratxe Lorak.
Berrikuntza. Debabarreneko artzaintza eta inguruko artzainek burutzen duten lana ezagutzera emateko asmoz, Mutrikuko Udalak Gazta Azoka antolatu du Merkatu Txikiarekin batera. Bertan, Debabarrena eskualdeko gaztagileek parte hartuko dute eta gazta erosteaz gain, gaztagileak ezagutu eta beraien produkzioa eta artzaintzari buruz sortzen zaizkigun zalantzak zuzenean argitu ahal izango dira.
Mutrikuko Goienetxe Artzain Gazta, Mausitxa Artzain Gazta, Sosola Ardi gazta ekologikoa eta Axeleku behi gazta izango dira parte hartuko dutenak.
Horrez gain, Mutriku Arraun Taldeak atun errea eskainiko du. Uztailean portuan egindako ekimenean izandako arrakasta ikusita, errepikatzeko gogotsu datoz. Atun errea eguerdiko 12:00etatik aurrera hasiko dira eskaintzen eta ateratzen den dirua Mutriku Arraun Taldeari laguntzeko bideratuko da.