Emakumeen Jabekuntza eskolatik sortutako ekimenaren aurkezpena atzo [urriak 5] burutu zen, Ondarroako Etxelilan.
Heziketa Fisikoan lizentziatua Arantza Burgoa Agirregomezkorta kirolariak dinamizatzen duen Aringaingan taldeak ikasturte berriari ekingo dio berriz ere, eta atzo [urriak 6] egin zuten aurkezpena Ondarroako Etxelilan.
2016-2017 ikasturtean abiatu zen ekimena kalean beldur eta lotsa guztiak gainditu eta gustura jarduteko helburuarekin. Burgoaren esanetan kalera ateratzea izan zen lehendabiziko erronka. Lehenengo ikasturtean 6-7 lagun inguru batu ziren, eta gehienak lehendabizikoz ateratzen zirenak korrika egitera. Taldea handituz joan da, eta profila ere aldatu egin da. Pasaden ikasturtean, hain zuzen ere, 80 lagun zeuden taldean, entrenamenduen jarraipenak egiten.
Lan egiteko modua. Mailaren araberako hiru talde nagusi daude, baina azpitaldeak sortzen dira: “Zure erritmoa duen jendearekin batzen zara”. Entrenamenduak igandeetan bidaltzen dituzte whatssap taldetik, eta astean bitan batzen dira. “Batzarrean adosten ditugu egunak, baina normalean martitzenak eta eguenak izaten dira, 19:00etan, Etxelilako ordutegia errespetatuz”.
Taldea irekia dela gogorarazi dute, bakoitzak ahal duen heinean entrenatzen du, baina jarraipen bat egin nahi duenari nolabaiteko konstantzia eskatzen zaio: “Zaila da jarraipen bat egitea ikusten ez dudanari, hortaz, ahal dutenean etortzea komeni da, aurrerapenak ikusi eta moldatzen joateko”.
Erronka berria. Helburua Lilatoian edota besteko lasterketatan parte hartzea izango da, baina aurten erronka berri bati ekingo diote: Emakumeen Triatloian edota Ondarroako herrikoin parte hartzea. “Erronka hau betidanik izan dugu, orain paperera eraman dugu. Baina 2018an, adibidez, taldekide batzuk erronkari heldu zioten”. Hortaz, erdigunean aringainga egongo da, baina egun zehatz batzuetan topaguneak egitea izango da helburua, igerilekuan, eta eguraldia lagungarri izatean, bizikleta ibilaldiak.