Mutrikuko Lotune jabekuntza eskolak lehenengo hiruhileko egitaraua aurkeztu du
Mindfulness ikastaro luzea eta "Feminismo anitzak" hiru tailer ziklo eskainiko ditu abendura bitartean.
Mindfulness ikastaro luzea izango da lehenengo abiatuko dena, hain zuzen ere, urriaren 19an. Eider Perezek dinamizatuko duen saioak emakumeen oreka eta ongizate emozionala zein jabetza bultzatzea du helburu, Mindfulnessak eskainitako baliabideak barneratuz. Hala nola, estresaren kudeaketa, asertibitatea, meditazioa eta lasaitasunerako teknikak landuko dira. Saioak urriaren 19tik abenduaren 14ra bitartean burutuko dira, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, Luardo Etxean.
Horrez gain, Feminismo anitzak tailer zikloak eskainiko dituzte, hiru, hain zuzen ere:
- Gorputz naturalak eta feminismo komunitarioa, urriaren 20an, 18:00etatik 20:00etara, Zabiel kultur etxeko ganberan. Isabel Hernandez eta Jesica Marroquin izango dira tailerraren dinamizatzaileak. Feminismoaren beste eredu batera hurbiltzea izango da helburua.
- Sentipenak eta sexualitateak, urriaren 28an, 18:00etan, Zaibiel kultur etxeko ganberan. Natalia Bejarano sexologoak dinamizatuko duen ikastaroaren bidez identitate eta orientazio sexualen inguruan dauden estereotipoak eta aurreiritziak identifikatu nahi dira.
- Ondo bizitzeko eta norbera zaintzeko gakoak, azaroaren 7an, 18:00etan, Zabieleko ganberan. Saioa Hernandez psikologo eta sexologo feminista izango da dinamizatzailea. Tailerraren bidez norberaren zaintza abiapuntu hartuz, emozioak indartu nahi dira. Tailerrean parte hartzeko izen ematea zabalik dago hilaren 31ra arte.