Abenduaren 18an herri galdeketa egitea erabaki du Mutrikuko Danborzaleak plataformak
Ondoko galdera egingo dute galdeketan: "Dikea luzatzearen alde al zaude?". Eta erantzuna "bai" edo "ez" izan beharko dela esan dute. Azaroaren 11n Zabielen batuko dira, antolaketaz hitz egiteko.
Aurten Mutrikuko Portuko Plan Bereziko obrak hasi direla eta, Mutrikuko Danborzaleak plataformak herriari hitza ematea aldarrikatu du behin eta berriz. Hala, udan, erreferenduma babesteko 1.200 herritarren sinadurak batu dituzte. Baina udalak galdeketarik ezin duela antolatu esan eta gero, plataformak herri galdeketa antolatzea erabaki du. Galdeketa abenduaren 18an egitea aurreikusi dute. Galdera ondokoa izango da: “Dikea luzatzearen alde al zaude? BAI ala EZ”.
Esan dute galdeketaren sinesgarritasuna bermatzeko ezinbestekoa dela herriko alderdi politikoen parte hartzea. “Horregatik antolakuntza herriko alderdi politiko guztiekin partekatu nahi dugu”. Hala, aurreratu dute Mutrikuko EH Bilduk galdeketa egin aurretik eta bozketa egunean ere antolakuntzan parte hartuko duela. “B+I eta PSE-EE alderdiek herri galdeketaren aldeko jarrera erakutsi dute hasieratik, eta beraien laguntza eskaini dute abenduaren 18ko ekimena (botoa eman eta kontaketa) modu egokian egiteko”. Azkenik, esan dute EAJren ordezkariekin bilera eduki dutela eta horiek datozen egunetan zehaztuko dutela antolakuntzan parte hartuko duten edo ez.
Bilera, azaroaren 11n. Plataformako ordezkariek esan dute antolakuntzan parte hartu nahi duten herritar guztiak ongi etorriak izango direla. “Azaroaren 11n bilera egingo dugu Zabiel kultur etxean, 18:30ean. Galdeketaren antolakuntzan parte hartu edo lagundu nahi dutenei hara hurbiltzeko gonbitea egin eta aldez aurretik eskerrak ematen dizkiegu”.
ORAIN ARTEKOAK:
- 2021eko urria: Dikea luzatu aurretik “hausnarketarako bidea” hartzeko eskatu zuen Mutrikuko B+Ik
- 2022ko uda: Gaiaz kezkatuta, Danborzaleak herri plataforma sortu zuten hainbat herritarrek. Herri galdeketa eskatzeko sinadurak batu eta elkarretaratzea egin zuten
- ELKARRIZKETA: Anuska Tena (Danborzaleak): “Zein da dikea luzatzearen helburua? Hori da gure kezka”
- 2022ko iraila: Dikea luzatzeko lanak hasi zituzten
- [IRITZIA] 2022ko irailaren 9a: Malen Aldalur Azpillagak dikeaz idatzi zuen bere zutabean
- 2022ko urria: Mutrikuko EH Bilduk portuaren gaia lantzeko herri batzordea sortzea proposatu zuen