Elkartasun bidaia abiatu dute Yaalah elkartetik
Bilketan batutako materiala banatu, saharar herriaren errealitatea ezagutu eta martxan dauden emakumeen errealizaziorako proiektuarekin jarraituko dute.
Ondarroako Yaalah elkarteak bidaia abiatu du Argeliako Tinduf zonaldean kokatuta dagoen saharar errefuxiatuen kanpamenduetara, hain zuzen ere, Bir Ganduz proiektuagaz.
2018an abiatu zuen proiektua Yaalah elkarteak saharar kanpamentuetan, eta aurten, hasitako lanarekin jarraitzeko asmoz, hainbat kide eta harrera familiak abiatu dute bidaia. “Saharar herriarekin lotura izatea, elkartasuna adieraztea eta behar izanetan gure aletxoa jartzea dira proiektuaren helburuetako batzuk”.
Astebetez lanean arituko dira, bilketan batutako materiala banatu, saharar herriaren errealitatea ezagutu eta martxan dauden emakumeen errealizaziorako proiektuarekin jarraituko dute. Bertan egingo dituzten lanetatik aparte, hegazkin bidaia aprobetxatzeko asmoz, material bilketa burutu zuten herrian. Bilketak izugarrizko arrakasta izan zuen: “Herritarren elkartasunari esker bilketan jasotako kopurua aurreikusitakoa baino handiagoa izan dela kontuan hartuta, bilketa epea baino lehen bukatutzat eman dugu”.