'Entxufatu herriko komertziora' kanpaina abiatu dute Mutrikun
Bi bizikleta zozkatuko dituzte. Urtarrilaren 6ra arte egongo da abian kanpaina.
“Entxufatu Herriko Komertziora” herriko merkataritza txikia bultzatzeko gabonetako kanpaina abiatu du gaur [abenduak 5] Mutrikuko Udalak. Bi orbea bizikleta elektriko zozkatuko dituzte, hain zuzen ere, Orbea Keram 30 eta Orbea OpDma E50.
Mutrikuko Udaleko garapen sailak lan ildo estrategikotzat du herriko merkataritza txikia sustatu eta bultzatzea. Lan ildo horri helduz Udalak urtero antolatzen du gabonetarako kanpaina berezia, hain zuzen ere, herriko merkataritza bultzatzeko. Biztanleek herrian dagoen merkataritza eskaintza erabiltzea lortu nahi dute kanpainaren bidez: “Bertako ezagutza sustatuz eta tokiko ekonomia bultzatuz, mugikortasun iraunkorreko eredu batekin batera”.
Bost astez egongo da martxan kanpaina, gaur [abenduak 5] abiatu eta urtarrilaren 6ra bitartean. 52 establezimenduk parte hartu dute kanpainan, eta hain zuzen ere, horietan banatuko dituzte boletoak; 10 euroko salerosketa bakoitzeko boleto bat emango da. “Era honetara Gabonetako kanpaina indartuko dugu, jendeak eguneroko erosketez gain, bere opariak herritik kanpo erosi beharrean Mutrikun erosi ditzan”.
Zozketa urtarrilaren 17an egingo da Zabiel kultur etxeko ganbaran egingo den ekitaldi zabalean. Parte hartzeko oinarriak Mutrikuko web gunean daude ikusgai.