Finalerako txartela lortu du Arrizabalagak
Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako finala lehiatuko du, Enara Gaminderen aurrean 22-2 nagusitu ostean.
Matienan jokatutako finalerdietan Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldai nagusitu dira, eta datorren zapatuan Zornotzan lehiatuko den Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketako finalerako txartela lortu dute bizkaitarrek. Emozio gehiagoko partidak espero baziren ere, erakustaldi ederragaz gozatzeko aukera izan zuten Matienako pilotalekua bete zuten pilotazaleek. Arrizabalaga eta Aldaik nagusitasunez heldu zioten Enara Gaminde eta Miriam Arrillagaren aurkako lehiei.
Olatz Arrizabalaga 22-2 nagusitu zen Enara Gaminderen aurrean. Aurreko kanporaketan Gamindek itxura ona eman zuen, eta partida orekatuagoa espero zuten pilotazaleek, baina gernikarrak emandako erakustaldia “ohikoaz kanpo” egon zen . Hasieratik argi zuen Arrizabalagak piloteoa ekidin eta joko oldarkorra jarri behar zuela kantxan. Pentsatu eta egin, baina ausardiaz harago eraginkortasun izugarria erakutsi zuen aurrelariak.
Saketik hasi zen gernikarra aurkariari min egiten, zorrotz arituta lehen pilotakadarekin, zuzenean tantorik egin ez zuenetan ere aske-errematean ikaragarrizko mina eginagaz. 1-2koan airez akats larri bat egin bazuen ere, Arrizabalagak sekulako erakustaldia eman zuen aireko jokoarekin, denbora gutxian jokoan izan duen garapena erakutsiaz. Iazko kaiolako hirugarren posturako lehian Gamindek Arrizabalagari irabaztea lortu bazuen ere, oraingoan ez da posible izan Laukizko atzelariarentzat.
Bestalde, Amaia Aldaik beste erakustaldi bat eman zuen Miriam Arrillagari 22-7 gailenduta. Kaiolako azken bi txapeldunak eta iazko finalistaren arteko partida ere orekatuagoa espero zen, baina bizkaitarrak koxka bat gorago dagoela berretsi zuen. Hortaz, bi bizkaitarrek ondo baino hobeto merezita lortu dute finalerako txartela.