Hondakinak egoki sailkatuz gero, Mutrikuk ia 155.000 euro aurreztuko lituzke urtean
Debabarreneko Mankomunitateak herriz herriko azterketa egin du, eta ondorioztatu dute eskualde osoan hondakinak egoki sailkatuko balira bi milioi eurotik gora aurreztuko liratekeela.
Hondakinak Prebenitzeko Europako astearen baitan, Ondo birziklatzea, guztion onura kanpaina egin zuen Debabarreneko Mankomunitateak. Kanpainaren helburua hondakinak egoki sailkatzearen onurak ikusaraztea izan da, “gaikako bilketa sustatzeko”. Bada, kanpaina positiboki baloratu du mankomunitateak, baita udalerriekin egindako elkarlana ere.
Kanpaina horren baitan, eskualdeko biohondakinekin egindako konposta banatu du mankomunitateak hainbat herritan, tartean Mutrikun (azaroaren 21ean). “Guztira 500 kilo konpost banatu ditugu bost herritan, petunia haziekin batera eta lorontzi txikietan”.
Horrez gain, birziklapen ohiturak nola neurtzen diren azaltzeko, herri bakoitzeko errefus edukiontzi baten karakterizazioa ere egin dute ingurumen teknikariek. “Herriz herri errefus edukiontziak aztertzerakoan, kasu guztietan agertu dira edukiontzi horretarako egokiak ez ziren hondakinak: organikoa, beirazko botilak, esne tetrabrikak eta ontzi arin eta plastiko mota desberdinak, ohialak, obretako materiala…”. Horren aurrean, mankomunitateak gogorarazi du hondakin mota bakoitza dagokion edukiontzira bota behar dela. “Hondakinak txarto bereiziz gero, ingurumenari kalte egiten zaio, eta baita ere norberaren ekonomiari”.
Izan ere, mankomunitateak aztertu du hondakinak egoki sailkatuz gero eskualdeko herri bakoitzak urtean aurreztuko lukeen diru kopurua (guztira 2.021.964,99 euro):
- Mutriku: 154.603,48 euro
- Deba: 159.636 euro.
- Ermua: 461.967,15 euro.
- Mendaro: 58.020,19 euro.
- Eibar: 804.119,52 euro.
- Soraluze: 114.226,34 euro.
- Mallabia: 34.291,31 euro.
- Elgoibar: 335.101 euro.