Ondarrutarren 'Aske bizi' lana saritu dute Beldur Barik lehiaketan
Zubi Zahar Herri Ikastolako talde batek irabazi du 12-14 urte bitartekoen sari nagusia.
Iturria: Irekia Beldur Barik Topaketa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta Emakundek, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta EUDELekin lankidetzan antolatutako programaren barruan kokatzen da. Sestaoko Musika Eskolak hartu du aurtengo topaketa, eta baita ere, ikus-entzunezko lehiaketaren sari banaketa.
Gazteek emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako eta berdintasunezko gizarte baten aldeko jarrera erakutsi behar duten lehiaketako irabazleak Ondarroa, Gasteiz, Erandio, Bergara, Bilbo, Iurreta eta Donostiakoak izan dira eta jorratu dituzten gaien artean nagusia izan da “neskak libre izateko aldarria”. Beatriz Artolazabal sailburuak jakitera eman duenez, aurten 300 ikus-entzunezko lan baino gehiago aurkeztu dira lehiaketara, gehienak taldean egindakoak.
12 eta 14 urte bitartekoen kategoriara aurkeztu dira lan gehienak, hain zuzen ere, ia erdiak (%44), eta film laburretan landu dituzten gaien artean sexismoa, diskriminazioa eta estereotipo sexistak daude. Kategoria honetan nagusitu den ikus-entzunezko irabazlea ondarrutarren ‘Aske bizi’ lana izan da. Epaimahaiak bi puntu nabarmendu ditu ondarrutarren lanean: “Prozesu lanketa bat egon dela nabaria da lanean eta baita mutilen inplikazioa ere”.
15 eta 17 urte bitartekoen kategorian ‘Gure Gorputzak gureak ote dira?’ lanak jaso du sari nagusia, Erandioko Jado ikastetxetik aurkeztu dute lana. 18 eta 20 urte bitarteko gazteek aurkeztutako lanei dagokienez, Bilbotik aurkeztutako ‘Samsara-Renacer’ lanak eraman du sari nagusia: “Oso mezu borrokalaria islatu dute eta ikuspegi historikoa eman diote bideoari, atzetik lan handia egon dela nabaria da”.
Ikus-entzunezko onenari saria ‘Puntuka’ lanak irabazi du. Hain zuzen ere, eguneroko indarkeria erakusten duen lana, “arropa eta janzkera ahalduntze baliabide gisa erabili dute eta oso lan originala eta artistikoa da”.