Trenen maiztasuna areagotzeko sinadura bilketa abiatu dute
Beristain liburu dendan, Ametza tabernan, Ansorregi oinetakoetan eta Aparran sinatzeko aukera dago.
Deban abiatu dute ‘Trenak 30 minuturo’ sinadura bilketa, eta ekimenari jarraituz Mutrikun ere sinadura bilketara batu eta hainbat leku ezarri dituzte izena ematea burutzeko.
Debako talde batek hasi du sinadura bilketa, Zumaia eta Eibarren arteko ibilbidea egiten duen trenaren maiztasuna handitzeko eskaera eginez, hain zuzen ere, ordu erdiro izatea da eskaria: “Egunero trenez gabiltzan herritar taldetxo bat gara, zerbitzu hori hobetzeko saiakera egin nahi duguna. Gaur egun, Zumaia eta Eibar artean trena ordubetean behin baino ez daukagu bi noranzkoetan”. Aipatu dutenez, Eibar eta Bilbo arteko zerbitzua ordu erdiro dago , baita Zumaia eta Donostia artekoa ere, hain zuzen ere, Donostia eta Bilbo arteko ibilbide osoan Mendaro, Deba eta Arroa dira 30 minutuko zerbitzurik gabe geratzen diren bakarrak.
Hori dela eta, ordu erdiroko zerbitzua lortzeko asmoz abiatu dute sinadura bilketa, ondoren inguruko udal ordezkariei helarazi, eta haien babesa lortuz gero, Euskotreni eskaera luzatu ahal izateko. Gutxienez puntako orduetan: 07:00-09:00 bitartean, 13:00-16:00 bitartean eta 19:00-21:00 bitartean.
Autobusak. Trenen arazoez gain, autobusen ordutegiak ere aipatu dituzte. Hain zuzen ere, Mallabia-Ondarroa eta Ondarroa-Zumaia arteko ibilbideak egiten dituzten autobusen maiztasuna urria baita. Lehenengo kasuan, orduro daude autobusak, baina bigarren kasuan, bi-hiru ordutik behin dago zerbitzua, ” eta trenaren ordutegiarekin bat egiten dute”.