Mila bertsozale batu ditu Kontzezioko Bertso Jaialdiak
Lehenengo bertsoetan aurten zendu den Gregorio Larrañaga 'Mañukorta' Larruskaingo bertsolaria gogora ekarri dute. Frontoia bertsozalez bete-bete egin da.
Markina-Xemeingo Amaiur elkarteak urtero antolatzen duen Kontzezio Eguneko hitzorduak txiki laga du Markina-Xemeingo Uni frontoia; 1.007 bertsozale batu dira Nerea Ibarzabal, Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi bertsotan entzuteko. Markina-Xemein plaza onena dela esan du Lujanbiok, eta Ibarzabalek bertsolariek eta bertsozaleek ere frontoiak betetzen badakitela gaineratu du.
Sei bertsolariek agurra bota ostean, Amaia Agirre gai jartzaileak duela zortzi urteko Kontzezio Eguneko Bertso Jaialdia gogora ekarri du. “Orduko saio hartan, Amaiur elkarteak Euskal Herriko txapeldunak batu zituen, eta saioaren amaieran Gregorio Larrañaga Mañukorta bertsolari markina-xemeindarra omendu zuten. Gaur, ostera, ez da urte erdi pasa Mañukortak utzi gintuenetik”. Bertsolari bakoitzari Mañukortari buruzko bertso bana eskatu die Agirrek. Eta hortik aurrerakoa, beste behin ere, punta-puntakoa izan da, bertsozale guztiek gozatzeko modukoa.































