Lan esparruan hobekuntzak lortzeko Langileen Autodefentsa Sarea sortu dute
Aurrera eramango dituzten ekimen eta borroken inguruan aritu eta antolakuntzara batzeko deia egin zuten.
Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistatik Lea Artibaiko Laneko Autodefentsa Sarea aurkeztu zuten barikuan [abenduak 9], Ondarroako Guzur etxean. “Krisiak, despolitizazioak eta langileon defendatzeko gaitasun murritzek ezaugarritzen dute testuingurua, eta egoera ekonomiko eta politiko horretan autodefentsa sozialista antolatzearen aldeko apustua egin dugu”.
Lan eremuan bizitzen diren egoeren aurrean antolatu , hobekuntzak lortzen saiatu eta hobekuntza hauen denboran iraunaraztea posible egingo duen prozesu sozialista indartzeko helburuz jarri dute martxan Laneko Autodefentsa Sarea. “Soldatapeko lanaren esparruan hobekuntzak lortzeko borroka forma bezala ulertzen dugu LAS. Tresna honek prozesu produktiboaren gaineko kontrola handitzea eta borrokarako baldintzen hobekuntza ditu helburutzat”.
Bide horretan aurrera eramango dituzten ekimen eta borroken inguruan aritu ziren barikuko aurkezpenean, eta antolakuntzara batzeko deia egin zuten hurrengo asteetan burutuko dituzten ekimenetara bertaratuz.