Mikel Lertxundik egindako pieza, Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunarentzat
Nahiz eta eskultore berriatuarrak ez duen pieza beren beregi txapelketarako sortu, azaldu du bertsolaritzagaz ere lotura duela. Pozik jaso du albistea.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalistak zeintzuk ziren jakinarazteaz batera, Bertsozale Elkarteak sariak zeintzuk izango diren ere argitaratu zituen. Eta hara non, txapelketa irabazten duenak, besteak beste, Mikel Lertxundi eskultore berriatuarrak egindako pieza jasoko duela.
Lertxundik azaldu du pozgarria dela txapeldunari berak egindako pieza emango diotela jakitea. “Bertso mundua hurretik jarraitzen dut, eta nire pieza bat aukeratu izana estimatzen dut”. Lertxundik ez du pieza beren beregi txapelketarako sortu, baina bertsolaritzagaz ere lotura duela azaldu du. “Pieza hori nik beti erabiltzen ditudan hiru materialen (harria, egurra eta burdina) konposizioa da. Musikan, poesian edota bertsotan egiten den modura, material horien arteko konposaketa ere egin egin behar izaten da: oreka bat lortuz, material ezberdinek elkar laguntzen dute, harmonia lortuz”.
Lertxundiren piezaz gain, Ana Zaldua billabonatarrak brodatutako txapela eta Itziar Alduntzin donostiarrak egindako garaikurra ere jasoko ditu txapeldunak.
Kultur disziplinen oholtza. Bertsozale Elkarteak azaldu du bertsolaritzaz gain beste kultur diziplina batzuk oholtzan egotea nahi zutela. “Aukeraketa egin zen Euskal Herriko sortzaile guztien artelanak txapelketan presente egoteko eta, era berean, lurralde guztiak ordezkatuta egoteko. Horregatik sari modura eskulturak eta pinturak ere emango dira”.