Aitor Etxebarria izango da Mutriku Sokatira Taldearen entrenatzailea
Eneko Azkarate Alkorta prestatzaile fisikoarekin elkarlanean ekingo dio denboraldiari.
Aitor Etxebarria ondarrutarra izango da Mutriku Sokatira Taldeko entrenatzailea, eta Eneko Azkarate prestatzaile fisikoa. Taldeari gogotsu helduko diote, eta elkarlanean arituko dira denboraldian.
Etxebarriak betidanik izan du lotura estua taldearekin, 25 urtez postu ezberdinetan aritu izan da; nesken entrenatzaile, tiratzaile eta baita diruzain ere. Ondoren, 10 urtez taldea utzi zuen, baina harreman estuarekin jarraituz – bertan entrenatzen jarraitzen zuen-. Pasaden urtean, berriz, semearekin batera taldean tiratzaile bezala bueltatu zen.
Hortaz, aurten bi aukera zituen taldean aritzeko: “Taldeko beteranoena naiz, eta aukera bi nituen, tiratzaile bezala barruan jarraitu edo kanpotik lagundu, eta horrela heldu naiz entrenatzaile izatera”.
Helburuak finkatuta. Aurten goian dauden taldeei “gerra emateko” lan egingo du Etxebarriak, Azkaraterekin batera. “Taldearen alderdi fisikoa landuaz eta soka sartu ahala urratsak emanaz, elkarlanean arituko gara”.