'Cabaret Chihuahua'-ren emanaldiak, hamargarren urteurrena ospatzeko
Abenduaren 22an hasi eta urtarrilaren 7ra bitartean bederatzi emanaldi eskainiko dituzte Bilboko Pabellon 6 gune artistikoan. Beste behin ere, aktoreen artean daude Iñaki Maruri eta Ugaitz Alegria ondarrutarrak.
Argazkia: Cabaret Chihuahau (Facebook) 2013ko Bilboko Aste Nagusian estreinatu zuten Cabaret Chihuahua musikala. Ordutik, ehunka emanaldi eskaini izan dituzte, bai Euskal Herrian eta baita Espainian ere; Antzerki Musikaletako Sariketarako hautagai ere izan zen. Ehunka izan dira eskualdetik ere ikuskizunaz gozatzera Bilboraino joan direnak. Horren jakitun, 2016an Ondarroako Beikozinin ere eskaini zituzten emanaldiak; bi emanaldi eskaini zituzten, eta sarrera guztiak agortu ziren.
Orain, musikala estreinatu zutela hamar urte pasatu direla ospatzeko, Bilboko Pabellon 6 gune artistikoak berriro ere obraren emanaldiak programatu ditu: abenduaren 22an (20:30), 23an (21:00), 28an (21:00), 29an (20:00) eta 30ean (21:00etan) eta urtarrilaren 4an (21:00), 5ean (20:30), 6an (20:30) eta 7an (20:00). Sarrerak Internetez erosi daitezke.
Beste behin ere, antzezlanean parte hartuko dutenen artean daude Iñaki Maruri eta Ugaitz Alegria aktore ondarrutarrak; Maruri musika zuzendaria ere bada.