Herri galdeketan parte hartzeko deia egin dute
Barikuan eta domekan egongo da bozka emateko aukera.
Barikuan [abenduak 16] eta domekan [abenduak 18] Mutrikun egingo den Dikea luzatzearen alde al zaude, bai ala ez? herri galdeketaren atarian, “pentsaera ezberdinez osatutako” herritar taldeak parte hartzeko deia luzatu du.
Galdeketan landuko den babes dikearen luzatzearen prestakuntza lanak jada abiatuta dauden arren, galdeketaren emaitzak “berebiziko garrantzia” izango duela adierazi dute. Hain zuzen ere, aurrerantzean portuaren inguruan hartu beharreko erabakietan. Hortaz, “pentsamoldeak pentsamolde” 16 urtetik gorako herritarrei dei egin diote, herritar guztiak gonbidatuz galdeketan parte hartzera.
Mutrikuko alderdi politikoek galdeketa babestu eta parte hartuko dutela berretsi dute, EAJk ezik. Udalak galdeketaren emaitza Eusko Jaurlaritzari bideratzeko konpromisoa hartu du.
Non bozkatu? Beheko Plazako anbulatorio zaharrean egongo da bozka emateko aukera; barikuan [abenduak 16] 17:00etatik 20:00etara eta domekan [abenduak 18] 09:00etatik 20:00etara. Udalaren laguntza edukiko dute bozka era anonimoan eta zintzotasun osoz gauzatu dadin.