Dario Fo eta Franca Rameren testuen irakurketa dramatizatua, Mendexan
‘BIBA VOI: Dario Fo eta Franca Rame akorduan’ ikuskizuna domekan [abenduak 18] eskainiko dute, 18:00etan, Udal Aretoan. Emanaldia doan da. Mikel Martinez eta Irati Agirreazkuenaga dira aktoreak.
Mendexako Goi-Alde elkarteak jakinarazi du saioa hasi haurretik, 17:30ean, kafea eta pastak egongo direla.
Alde batetik, ikuskizunak euskarara ekarritako Dario Fo dramaturgo italiarrak idatzitako testuak ditu ardatz: Lazaroren berpizketa (Patxo Telleriak euskarara ekarria) eta Eroa eta Heroia (Jose Mari Carrerek euskarara ekarria). Horiei, baina, Foren emazte izan zen Franca Rame aktore, idazle eta politikari italiarraren bakarrizketak ere gehitu dizkiete: Andrea bere bakardadean (Mikel Martinezek euskarara ekarria) eta Andre guztiok daukagu istorio bera (Xabi Paiak euskarara ekarria).
«Mikel Martinez eta Irati Agirreazkuenaga aktoreek hainbat pertsonaia gorpuzten dituzte. Batzuetan antzeztu egiten dute, besteetan testuak irakurri (irakurketa dramatizatua)», azaldu dute Tartean Teatroko arduradunek. Martinez, gainera, aktore legez aritzeaz gain, obraren zuzendaria ere badela zehaztu dute. Ikuskizunak 45 minutu irauten ditu.