Oñederra, Mutriku Futbol Taldea, Kortazar eta Ituarte, Mutrikuko Kirol Galako Sarituak
Lau kirol sari banatu zituzten 2021-2022 kontuan hartuta.
Hamargarren urtez jarraian, herriko kirolari zein taldeei merezitako omenaldia egin nahi izan die Mutrikuko Udalak. Barikuan [abenduak 16] Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan egin zen ekitaldian kirol munduan dabiltzan edo ibili diren herriko eragileei onespena eta eskerrak eman nahi izan zizkieten sari baten bitartez.
2021-2022 denboraldia kontuan hartuta, lau sari banatu zituzten. Horietako lehena Julen Oñederra helize-tiro modalitatean Munduko Txapeldunari Kirolari onena saria eman zioten. Hamalau urte dituen tiratzaileak Arrateko Klubeko kide da, eta kadete eta junior modalitateetan lehiatzen du batik bat.
Kirol talde onenaren saria Mutriku Futbol Taldeko emakumezkoen taldeak jaso zuen. Denboraldi ederra eginaz gain, maiatzean Gipuzkoako Kopa etxeratu zuten. Saria jasotzen hurrengoa Oihana Kortazar izan zen; Kirol ibilbide onena saria eman zioten. Orain arte egindako kirol ibilbide onagatik jaso zuen saria.
Azkenik, aipamen berezia Marije Ituarterentzat izan zen. Urte luzez kirolarekin izandako loturagatik eta herri ekimenetan egiten duen lanagatik. Azkenean Joseba Palenzuela alkateak hartu zuen hitza, eta ibilbide guztiek izaten duten gorabeherei buruz hitz egin zuen. Ibilbideek duten esfortzuari aitortza egin, eta zoriondu beharrari aipamen eginez, Alberto Gorritiberea jarri zuen erdigunean. Kazetariari omenaldi txikia egin zioten txalo zaparrada artean, ibilbide luzea duen kazetari erretiratu berriari.