Lekeition erabakiko dira kluben arteko txapelketako finalak
Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzak antolatzen duen txapelketako gazte, emakume eta nagusien mailetako txapelak egongo dira jokoan.
Bizkaiko kluben arteko banakako zesta-punta txapelketaren finalak erabakiko dira barikuan [abenduak 23], Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan, 16:30etan. Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzak antolatzen duen txapelketako gazte, emakume eta nagusien mailetako txapelak egongo dira jokoan. Kanporaketa formatuan jokatu den lau asteko txapelketan 32 puntistek parte hartu dute, zehazki, Lekeitio, Markina-Xemein, Berriatua, Gernika eta Getxoko zesta eskoletakoak.
Gazteen kategoriak Berriatuako klubeko pilotarien arteko lehia izango du finalean; Aratz Goikoetxea eta Xuban Galdos. Partida estua espero da, biak ala biak, aurtengo Bizkaiko Binakako Txapelketako finalistak izanik, banakakoan ere txapelaren bila irtengo baitira. Arratsaldeko bigarren finala, emakumezkoen kategoriakoa izango da. Berriatuako klubeko Ihart Arakistain eta Arai Lejardi Markina-Xemeingo klubeko pilotaria izango dira aurrez aurre. Antolatzaileen arabera, kasu honetan ere, norgehiagoka estua espero da: “Pilota gehien atzeratzen dunenak izango du tantoen agintea eraman eta partida irabazteko aukera”.
Nagusien kasuan, berriz, Gernika Jai Alai eskolako bi puntisten artean lehiatuko da finala; Urko Lekerikabeaskoa eta Ibon Urrutxua. “Aurrelari tekniko bat, atzelari indartsu baten aurka”. Aurreko bietan ez bezala, kasu honetan, faborito argi bat dago partidan; Lekerikabeaskoa. Hala ere, Urrutxuaren eskuma gakoa izan daiteke: “Txapelketa osoan zehar bikain atzeratu du pilota eskumagaz eta gai izan da tantoen agintea eramateko jokatu dituen partidu guztietan”.
Bizkaiko Federakuntzatik eskerrak eman dizkiete zesta-eskola eta pilotariei, txapelketan izandako inplikazioagatik: “Espero dezagun final gozagarri eta ederrekin txapelketari bukaera ematea”.