Ibon Badiola, nagusi Arrigorriko Bodyboard Txapelketan
Gorka Aginaga, Ibon Pazos eta Unax Bermeosolok osatu dute finaleko podiuma.
Atzo [urtarrilak 8] lehiatu zen Ondarroan Arrigorriko zazpigarren Bodyboard Txapelketaren bigarren zatia, eta Ibon Badiolak lortu zuen txapela janztea.
2022ko txapelketari jarraipena eman zioten atzo 14:00etan hasi zen txapelketari. Final laurdenetatik hasi zen txapelketa, hain zuzen ere, txapelketaren lehenengo zatia pasaden urtean burutu baitzen, baina olatu falta zela eta, ezin izan zioten jarraipenik eman.
Hortaz, final laurdenekin hasi zen eguerdia. Hamazazpi parte hartzaile sartu ziren uretara, lau tandatan banatuta, eta ikuskizun ederragaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenak. Sailkapenak eskuan izanik, lau izan ziren finalera sailkatu zirenak, eta Ibon Badiolak puntuazio onena lortuaz lehenengo postua eskuratu zuen. Bigarren postua Gorka Aginagak eskuratu zuen, hirugarrena Ibon Pazosek eta Unax Bermeosolo izan zen laugarren sailkatua finalean.
Finaleko txapeldunen sari banaketa burutzeaz gain, Julen De Diegok sari berezia eskuratu zuen, eta Isma Ituartek, berriz, olatu onenaren saria. Aurreratu dutenez, zortzigarren txapelketa ere heltzear dago.